Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko lehen bi bisita gidatuak ia beteta daude

Ubane Madera 2018ko ira. 25a, 10:30
Bisitariak Dolmenen Ibilbidearen gaineko azalpenak entzuten. Argazkia: Debegesa Garapen Agentzia.

Domekan, irailaren 30ean hasiko dira Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatuak. Eta arrakastatsu hasiko da ekimena, 20 lagunek eman du dagoeneko izena-eta, domekako hitzordurako. Hurrengo bisita urriaren 7an da, eta taldea beteta dago.

Hiru ordu eta erdiko iraupena izango dute domekan hasiko diren bisita gidatuek, Karakateko aparkalekutik abiatuta: 10:00etatik 13:30ak arte. Bertan, Soraluze, Elgoibar eta Bergara udalerriak lotzen dituen Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa zeharkatuko dute.

Azaroaren 4ra arte

Hain justu ere, 9 km-ko ibilbidea egingo dute Karakate eta Irukurutzeta artean, zazpi monumentu megalitiko bisitatuz. Bisita bukatzean, gainera, gazta, ogia eta sagardoa emango dute dastatzeko. Domekako bisita gidatua euskaraz egingo dute eta dagoeneko 20 lagunek eman du izena. Hau da, beste bost lagunendako lekua besterik ez dago.

Domekakoaz gainera, beste lau bisita gidatu antolatu dituzte udazkenerako: urriaren 7an (gaztelaniaz, beteta dago taldea); urriaren 21ean (euskaraz, oraingoz bi lagunek eman dute izena); urriaren 28an (gaztelaniaz, 12 lagunek eman dute izena) eta azaroaren 4an (euskaraz, taldea hutsik dago oraingoz).

Ehortze-errituak

Ibilbideak edertasun eta balio arkeologiko eta kultural handiko paisaiak zeharkatzen dituela azpimarratu dute Debegesa Garapen Agentziatik. “Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago”, esplikatu dute Debegesatik.

Bisitak doan dira, baina parte hartzeko izena eman beharra dago, honako bideetako bat erabilita: 657 79 46 77 zenbakira deituta edo info@begibistan.com helbidera idatzita.

Ia 200 lagun

Iaz 192 lagunek parte hartu zuten bisita horietan. Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek sustatu duten lanerako planaren baitan kokatzen dira, Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuarekin.

Plan horrek jasotzen dituen jardueren artean nabarmentzekoa da Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikiko dutela. Hain justu, urrian hasiko dituzte lanak eta tumuluaren berreraikitze partziala egingo dute. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak, e.a.

Indusketak

Bestalde, Debegesa Garapen Agentziatik gogora ekarri dutenez, azaroan, ikerketa arkeologikoaren alorrean, Irukurutzetako trikuharriaren indusketa lanak hastea aurreikusten dute. Gipuzkoako trikuharrien artean handienetakoa da Irukurutzetakoa, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera indusketa arkeologikoak ekarpen nabarmenak egin ditzake tumuluaren neurriak eta egituraren ezaugarriak zehaztuz. Gainera, Neolito garaiko material arkeologikoa aurkitzeko aukerak daudela uste dute.

Jarduera horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren laguntza jaso dute.