Pentsioak ipar dituen ekintzaz betetako astea

Ubane Madera 2018ko ira. 24a, 15:09

Hileko azken astelehena izaki, gaur “pentsio duinak” aldarrikatzeko elkarretaratzea barik manifestazioa egin dute 70 herritar inguruk. Amaieran, ekintzaz betetako astea iragarri dute: bihar, martitzena, pentsioen gaineko mahai-ingurua egingo dute; barikuan elkarretaratzea, eta gaur zortzi, astelehena, eskualde mailako manifestazioa, Eibarren. Bestalde, urriaren 6an Donostian dute hitzordua, lurralde mailako mobilizaziorako.

Txilibituekin, kazolekin zein bestelako gailuekin zarata ateraz, gaur eguerdian 70 bat herritar elkartu dira Plaza Berrian, “pentsio duinak” aldarrikatu duen manifestazioa egiteko. Bertan hasi, Kalebarrenetik segi, kiroldegiko buelta eman eta Santa Ana kaletik barrena pasatu ondoren, atzera ere Plaza Berrian amaitu dute mobilizazioa.

Haren amaieran, oraingo asterako hitzorduen berri eman diete bertaratutakoei. Izan ere, ekintzaz betetako egunak dituzte datozenak, pentsioak ipar.

Bihar, mahai-ingurua

Hasteko, bihar martitzena, udal ordezkariek pentsioen gaineko mahai-ingurua egingo dute, Soraluzeko Pentsiodunen mugimenduak antolatuta. 18:30ean hasiko da eztabaida, Herriko Antzokian. Ordubete iraungo du, eta amaieran herritarren galderei erantzungo diete EAJ-PNV alderdiko ordezkari Iker Aldazabalek, EH Bilduko ordezkari Unai Larreategik eta PSE-EEko ordezkari Patricia Borinagak.  

Barikuan, elkarretaratzea

Horrez aparte, barikuan 11:00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko gonbita helarazi dute. Iñaki Quintanillak esplikatutakoaren arabera, bihar, irailaren 25ean hasi eta urriaren 5era bitartean Pertsona Nagusien Eskubideen Aldeko I. Bira egingo dute, Agijupens elkarteak, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak deituta. Eta ekimen horren baitan, Soraluzen irailaren 28an, barikua, mobilizaziorako hitzordua egin dute.

Halaber, 11:00etan elkarretaratzea egiteaz gainera, Quintanillak jakinarazi du hainbat aldarrikapen jasotzen dituen manifestua prestatu dutela, elkarretaratzearen ondoren Soraluzeko alkateari helaraziko diotena.

Eibarren manifestazioa

Ildo beretik, jakinarazi dute urriaren 1ean, astelehena, eskualde mailako gonbita dutela, Eibarren egingo den manifestazioan parte hartzeko, 12:00etan. Hain justu, Eibarren ere aurkeztu behar dute-eta manifestu bera, kasu honetan ja, eskualde mailan.

Donostian manifestazioa

Eta ekitaldiekin bukatzeko, iragarri dute urriaren 6an, zapatua, Gipuzkoako hiriburuan, Donostian egin nahi dutela lurralde mailako manifestazioa, 17:00etan. Hori horrela, bertaratzeko autobusa antolatzeko izen-ematea zabaldu dute. Iratxo gozo-dendan zein Itxaropena elkartean eman daiteke izena.