Ia 50 lagun matrikulatu dira Esperientzia Gelan

Ubane Madera 2018ko ira. 21a, 10:38

Esperientzia Gelaren baitan atzo, eguena, egin zen lehen ekimena: Alzheimerraren gaineko hitzaldia.

Atzo, eguena, abiatu zuen ibilbidea Soraluzeko Esperientzia Gelak, sendo abiatu ere. Alzheimerraren Munduko Eguna tarteko, gaixotasun horren gaineko hitzaldia egin zuten estreinaldirako Itxaropena elkartean, eta bertako aretoa lepo bete zen. Horrez aparte, Esperientzia Eskolara bertara ere, ia 50 lagun matrikulatu dira.

“Ezusteko handia izan dugu Esperientzia Gelarekin. Batetik, atzoko hitzaldirako ez genuen horrenbeste jende espero. Alzheimerrari buruzkoa zen, eta normalean halako gaietara ez da horrenbeste jende etortzen, eta aretoa bete egin zen. Eta bestetik, matrikulazio kopurua ere oso handia izan da: ia 50 lagunek eman du izena Esperientzia Gelan”, kontatu du Juan Fernandezek, Alkarri elkarteko ordezkariak.

Urrian memoria

Gauzak horrela, indartsu abiatu du ibilbidea Soraluzeko Esperientzia Gelak. Berez, urrian du hurrengo hitzordua: memoria lantzeko tailerra. “Egunerokotasunean erabili ahal izateko ariketak landuko ditugu, eta dinamikak egin. Lau asteko tailerra izango da eta eguaztenero egingo dugu. Atzoko hitzaldian ez bezala, memoria lantzeko tailerrean parte hartzeko derrigorrezkoa izango da Esperientzia Gelan matrikulatuta egotea, tailerra behar den moduan lantzeko”, esplikatu du Fernandezek.

Proposamen ugari

Eta horrela, hilero ekimenen bat antolatuko dute, adinekoendako interesekoak izan daitezkeen gaiak lantzen. “Baina dagoeneko proposamen piloa jaso ditugu, beraz, baliteke ekimen gehiago ere antolatzea”, esan du Esperientzia Gelaren dinamikaz arduratuko den Alkarri elkarteko ordezkariak.