Lasterketa inklusiboa egingo dute egoiliarrek eta ikasleek elkarrekin

Ubane Madera 2018ko ira. 20a, 18:22
Mesedeetako egoitzako hainbat egoiliar Aspanogiren alde aurten egindako jaian.

Bihar, barikua, Alzheimerraren Mundu Eguna dela-eta, ekimen berezia antolatu dute Soraluzen: Mesedeetako egoiliarrek, Plaentxi Herri Ikastetxeko eta Soraluze BHI ikastetxeko ikasleek lasterketa egingo dute. Hitzordua 11:00etan da, Plaza Berritik Plaza Zaharrera bitartean. Eguna borobiltzeko, ondoren bazkaria egingo dute Soraluzeko Mesedeetako egoitzakoek Batzokian.

10:30ean hasiko dira biharko protagonistak plaza ingurura bertaratzen: Plaentxi Herri Ikastetxeko eta Soraluze BHI ikastetxeko neska-mutikoak, gazteak eta irakasleak eta Mesedeetako Egoitzako 40 egoiliar, eta hango langileak eta ordezkariak.

Taldeka antolatu, eta 11:00etan hasiko dute lasterketa. “Inklusiboa izango da, hainbat kolektibok elkarrekin egingo dutena: umeek, helduek eta egoiliarrek. Hainbat maila izango dira: autonomoak, taka-taka/bastoidunak eta gurpildun aulkidunak. Eta taldeka hartuko dute parte”, esplikatu du Laura Garciak, Mesedeetako egoitzako animazio arduradunak. Lasterketa egiten den bitartean, inguruko zirkulazioa eten egingo dute, 11:00etan hasita.

Logo eta guzti

Denbora daramatzate Alzheimerraren Mundu Egunaren bueltako ekimenak antolatzen Mesedeetako egoitzako adituek. Esaterako, logo berezia landu dute, biharko lasterketako kamisetetan erabiliko dutena.

Gainera, lehiaketa ere egin zuten logoa aukeratzeko: “Guztira, zazpi lan aurkeztu ziren; batzuk egoiliarrek egindakoak, beste batzuk senitartekoek eta baita langileen seme-alabek ere. Logoa epaimahai bitartez aukeratu zuten, irailaren 7an, hainbat ezaugarri kontuan hartuta: elebitan egotea, gaiarekin bat etortzea, originaltasuna… Epaimahaia, berriz, osatu zuten egoiliar batek, senitarteko batek, erizain laguntzaile batek, garbiketako langile batek eta Bizi-Kalitatea izeneko taldeko kide batek”. esplikatu du Garciak.

Horrez aparte, egunotan Plaentxi Herri Ikastetxeko neska-mutikoei hitzaldiak eman dizkiete eskolan, Alzheimerraren gainekoak.

Lasterketa amaituta, eguna borobiltzeko Batzokian bazkalduko dute Mesedeetako egoitzakoek.