Dagoeneko zabalik dago, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hamaika egunez, Euskal Herri osoan egingo den ariketa sozialean izena emateko epea, eta zabalik izango da ariketa hasiko den egunaren bezperara arte; azaroaren 22ra arte. Euskararen erabilera areagotzea, hizkuntza ohituretan eragitea izango du helburu Euskaraldiak.
Soraluzeko interesatuek hainbat modutara eman ahalko dute izena: euskaraldia.eus webguneko fitxa beteta; udaletxeko harreran edo Iratxo goxodendan dauden izen-emate orriak beteta; edota, Santa Ana Kirolak zegoen dendaren lokalean, datorren eguenetik aurrera. Izan ere, 365 Taldeak bertan egokituko du Euskaraldiaren egoitza nagusia, herritarrei informazioa helarazi eta izen-ematea bideratzeko.
Izena ematearekin batera, informazio fitxa bat bete beharko da. Izan ere, Euskaraldiari buruzko ikerketa soziolinguistiko bat egingo dute, eta hori txukun egiteko eskatu dituzte datuak. Parte hartzaileei galderak egingo dizkiete hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz.
365 Taldea eta Hamaikakoa
365 Taldeak hartu du ardura herrian Euskaraldia antolatu eta bideratzeko. Berau, osatuta dago herritar boluntarioz eta ekimenaren sustatzaile izan diren herriko bi erakundeetako, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko eta Soraluzeko Udaleko, ordezkari banarekin. Horrez gainera, herrian ekimenaren enbaxadore moduan jardungo duen hamaikakoa ere osatuta dago. Ondorengo hauek dira hamaika herritarrak: Kris Jacas Mateu, Oier Oregi Unamuno, Garazi Catalan Arenaza, Ixa Rodriguez Saez, Araceli Maiztegi Abarrategi, Sebas Hernandez Garate, Inma Matute Zabala, Myriam Goenaga Juez, Asun Aranda Nuñez, David Rascon del Caño eta Itbissan El Kanouni Ennaoui.
Plaentxia.eus-ek Euskaraldiaren kanal berezia sortu du, ekimenaren inguruan argitaratzen den informazio guztia modu bateratuan eskaintzeko.