Kooperatibako arrandegiak itxita segituko du, oraingoz

Ubane Madera 2018ko ira. 20a, 12:49
Koopeartibako arrandegia, hutsik.

Korapilatu egin da Kooperatibako arrandegiaren irekiera. Oraingoz, atzera egin dute datorren astean zabaltzeko asmoarekin. Gaia abokatuen eskuetan dago eta hura argitu arte, ez dute arrandegirik zabalduko. Pescaderias Burgoa Somoza enpresatik azpimarratu nahi izan dute eurek ekainaren 7an jakinarazi ziotela Kooperatibari arrandegia laga egin behar zutela, beraz, arrandegia ixtea ez zela “ezustekoa” izan.

“Egoera argitu arte, ez naiz Kooperatibako arrandegian sartuko. Esan diet lehenengo euren artean jarri behar direla ados”; horrela adierazi du Juan Mari Gurrutxagak Kooperatibako arrandegiari buruz, berretsiz datorren martitzenean berau zabaltzeko asmoa bertan behera gelditu dela, gaur eguena, gelditu ere.

Ekainaren 7tik jakinean

Izan ere, korapilatu egin da Kooperatibako arrandegiaren egoera. Abokatuen eskuetan dago kontua. Pescaderias Burgoa Somoza enpresatik azpimarratu dutenez, eurek ekainaren 7an burofax bitartez jakinarazi zioten Kooperatibari bertako arrandegia utzi egin behar zutela.

Are gehiago, jakinarazi zieten uztailaren 16tik aurrera “bukatutzat” ematen zutela kontratua. Eta eskaini zieten aukera Kooperatibari arrandegian ipinitako altzari guztiak Kooperatibaren esku lagatzeko, 3.000 euroren truke. Pescaderias Burgoa Somoza enpresatik esandakoaren arabera, beraz, arrandegia lagatzeko asmoa zuela bazekiten Kooperatiban, ez zen “ezusteko” zerbait izan.

'Bi urterakoa'

Kooperatibatik esandakoaren arabera, berriz, burofaxa jaso eta ekainaren 11n erantzun zioten Pescaderias Burgoa Somoza enpresari, ja abokatuaren bitartez. Gogora ekarri zioten sinatutako kontratua “bi urterakoa” zela, eta kontratuak berak ez zuela “baimentzen”, alde bakarrak berau apurtzea.

Harrezkero bada, kontu hori guztia abokatuen eskuetan dago. Eta oraindik ez da argitu. Gaur gaurkoz, arrandegiko altzariak Pescaderias Burgoa Somoza enpresarenak dira. Gauzak horrela, harik eta egoera argitu arte arrandegia ez hartzea erabaki du Gurrutxaga elgoibartarrak. Horrela jakinarazi die gaur goizean, eguena, Kooperatibakoei.

Kooperatibatik baieztatu egin dute hori horrela dela, eta eurak ere abokatuarekin harremanetan dabiltzala, egoera argitzeko.