400 neska-mutikok hasi dute ikasturtea Plaentxi Herri Ikastetxean

Ubane Madera 2018ko ira. 19a, 15:25

Ikasleak eta gurasoak gaur goizean ikastetxearen sarreran.

400 neska-mutikorekin eta 39 irakaslerekin abiatu du 2018-2019 ikasturtea Plaentxi Herri Ikastetxeak. Ohi moduan, urriaren 1ean hasiko dute egun osoko jarduna; edozein modutan, dagoeneko ekin diote iaztik lantzen diharduten proiektuari: bullyng-ari aurre egitea helburu duen Bizikasi proiektuari. Oraingo astean, baina, Alzheimerra izango dute protagonista.

“Joan den astean egunero egin genituen Bizikasi proiektuarekin lotutako ekintzak, aste osoan. Bullyng-aren aurkako proiektua da Bizikasi, eta aurten, bereziki, talde lana landuko dugu horren baitan”, esplikatu dute Plaentxi Herri Ikastetxeko zuzendaritzatik ikasturte hasierari buruz.

Edozein modutan, Bizikasirekin batera, bestelako gaiak eta proiektuak ere badituzte eta izango dituzte langai Plaentxi Herri Ikastetxean.

Alzheimerra

Esaterako, barikuan, Alzheimerraren Munduko Eguna dela-eta, gaixotasun horren gaineko azalpenak emango dizkiete Mesedeetako egoitzako adituek eskolako neska-mutikoei. Eta barikuan bertan, Mesedeetako egoitzako langileekin eta egoiliarrekin eta Soraluzeko Institutuko ikasleekin batera, lasterketa berezi eta ez-ohikoan parte hartuko dute: egoitzako egoiliarrekin taldea osatuta, 11:00etan hasita Plaza Zaharretik Plaza Berrira bitartean egingo den lasterketan.

400 neska-mutiko

Horrez aparte, dagoeneko hasi dira ere Atxolin Guraso Elkartearekin lotutako ikasturte hasierako deiak egiten, bekak eskatzeko aukera ere helarazi diete gurasoei eta irakasleak ere hasi dira gurasoekin ikasturte hasierako batzarrak egiten, aurtengoaren gaineko nondik norakoak azaltzeko.

Irailaren 7an abiarazi zuen ikasturtea Plaentxi Herri Ikastetxeak, 400 neska-mutikorekin hasi ere, azken urteotako ikasle kopuruari eutsita: “Urtetik urtera, bost bat ikasle gehiago edo gutxiago izaten ditugu, baina 400 bat neska-mutikoren bueltan ibili izan gara azken urteotan”, jakinarazi du Arantza Mata zuzendariak.

Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko hezkuntza eskaintzen du Plaentxi Herri Ikastetxeak. Bertako hezkuntza komunitatea, baina, eskolako ikasgeletatik eta paretetatik harago iristen da.

Gurasoei gonbitea

Zentzu horretan, gurasoak gonbidatu nahi ditu eskolako zuzendaritzak proiektu akademikoetan parte har ditzaten zuzenean: “Familiak gure proiektuetan parte hartzera gonbidatzen ditugu urtero. Ikasleek lantzen dituzten proiektuetan parte har dezaten, hona etor daitezen gaiari buruz berba egitera… gu zabalik gaude gurasoen proposamenak entzuteko. Etorri izan dira gurasoak, adibidez, sukaldaritzan Termomix-a zela erabili esplikatzera, edo umeari laguntzen diote berriak aurkitzen eskolan lantzen dabiltzan gai horren inguruan… Gurasoak ere inplikatzea da nahia”, azpimarratu dute.