10:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da zapatuko Gazte Robotika topaketa, Ermuko Izarra Centre eraikinean. Tarte horretan, Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioa jokatuko dute gazteek. Hain justu ere, udan Debabarrenean egin ziren tailer teknologikoetan diseinatu eta programatu zituzten robotekin lehiatuko dira, 41 taldetan banatuta. Eta soraluzetarrak ere izango dira tartean, 17 gazte, zazpi taldetan banatuta.
Bi proba
Lehiaketan bi erronkari egin beharko diete aurre:
1- Kolore kolore: ahalik eta kolore gehien sortzea helburu du. Kasu honetan Soraluzeko 5 talde lehiatuko dira.
2- Eta 1vs1 Game: abilezia eta estrategia jolasa. Kasu honetan, udalerriko bi talde lehiatuko dira.
Txapelketa robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du. Eta robotika topaketa amaitu baino lehen banatuko dituzte diplomak eta errekonozimenduak, erronka bakoitzeko hiru talde onenentzat.
Makeymakey, 3D inpresioa eta ikus-entzunezkoak
Bestalde, lehiaketaz aparte, tailer irekiak ere izango dira zapatuan, Ermuko topaketan, entretenimendu digitalaren industrian erreferentea den Omnis enpresaren eskutik. Hala, batetik Makeymakey kontrolekin esperimentatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Bestetik, Minecraft diseinua eta 3D inpresioa tailerrean gaztetxoenek 3D inpresora baten funtzionamendua ikasiko dute eta Minecraft bideo-joko arrakastatsua erabiliz egindako diseinuak 3Dn zein erraz inprimatu daitezkeen ikusiko dute.
Eta azkenik, ikus-entzunezkoen mundua maite dutenek euren talentu artistikoa eta sormena probatu ahal izango dute Kamera, bideo-ekipoa eta Chroma tailerrean.
Horrekin guztiarekin batera, Iruña Tecnologías enpresa nafarrak robot kolaboratiboen erakustaldia egingo du.
Atzo, astelehena, aurkeztu zuten Gazte Robotika, Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa, Ermuko Izarra Centren. Ekitaldian izan ziren Ermuko alkate Juan Carlos Abascal, Spriko Zuzendari Nagusi Alex Arriola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Teknologia eta Nazioarteratzeko Zuzendari Nagusi Antton Tomasena, eta Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusi Juan Angel Balbas. Azken honek elkarlanean jarraitzearen alde berba egin zuen, “Debabarreneko eskualdearen apustu teknologikoa” nabarmenduz.
Interesa piztu nahian
Azken batean, Gazte Robotika proiektuaren helburua da Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea (STEM bokazioak) modu dibertigarrian eta talde-lanean oinarrituz.
2017an ekimena abian jarri zenetik, Debabarreneko zortzi herrietako 450 bat ikaslek parte hartu dute zortzi udalen ekimenez, Soraluzeko Udala tarteko. Eta Soraluzen egindako tailerretan bidelagun izan da Soraluce kooperatiba. Hori bai,