“Borroka hau irabazi egin behar dugu”

Ubane Madera 2018ko ira. 18a, 08:30
Herritarrak atzoko elkarretaratzean.

Toledoko Ituna eta pobrezia energetikoa. Bi gai horiek mahai-gaineratu zituzten atzo pentsio duinen alde egindako elkarretaratzean. Toledoko Itunari dagokionez, pentsioen balioa KPIaren araberakoa izan dadin onartzeko erabakia atzeratu izana salatu zuten. Eta pobrezia energetikoa salatu zuten  berau jasaten dutenak bereziki direlako pentsiodunak, pertsona nagusiak eta langabeak.

“Indartsu hasi ditugu mobilizazioak Euskal Herriko herri ugaritan (…) eta gure helburuak lortu arte gero eta jende gehiago izango gara; borroka honekin eta bizitzako esperientzia luzearekin, badakigu galtzen den borroka bakarra egiten ez dena dela, eta guk borroka hau irabazi egin behar dugu”.

Berba horiekin bukatu zuten atzo, astelehena, pentsio duinen alde eguerdian egindako elkarretaratzea, komunikatua irakurrita.

Toledoko Ituna

Komunikatu berean bi salaketa egin zituzten, bereziki: batetik, Toledoko Itunaren jarrera, pentsioen igoera KPIren araberakoa izateko erabakia “atzeratu” egin duelako. “Toledoko Ituna pentsio publikoen sistemarekin bukatzeko eta hura pribatizatzeko motorra da aspaldi”, salatu zuten.

Argindarra gora eta gora

Eta bestetik, argindarraren igoera eta haren ondorioz dagoen pobrezia energetikoa salatu zuten. Datuak ere helarazi zituzten, zentzu horretan: “Neguan, etxeen %11,1ean ezin dute 18 graduko tenperatura mantenu, eta herritarren %21 pobrezia energetikoan bizi da, bereziki, langabeak, nagusiak eta pentsiodunak”.

Datu gehiago ere eman zituzten: 2009an argindarraren mega-watioa ordaindu zen orduko 36,96 euro eta 2018ko uztailean, berriz, 61,90 eurora iritsi zen prezioa. Eta azken datu bat ere jakinarazi zuten: “2016an, argindarren konpainiek 5.463 milioi euroko irabaziak izan zituzten”.

Hori guztia kontuan hartuta, besteak beste, eskatu zuten “pobrezia energetikoa ezabatzea”, argindarraren prezioaren igoerarekin “amaitzea”, argindar konpainien “monopolioa” bukatzea, haiek ordaindu beharreko elkarteen zerga %25ekoa izatea, BEZa jaistea eta energia produzitzeko eta komertzializatzeko sektore publikoa sortzea.

Halaber, jakinarazi zuten EH Bilduk pentsiodunen mugimenduari “babesa” adierazi diola eta besteak beste, “konpromisoa” hartu duela “datozen aurrekontuetan partida bat sortzeko 1080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko”.