Baserritarrek berrikuntzak eskatu dituzte Gaztañerre Azokarako

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 13a, 14:50

Martitzeneko bilera, batzar aretoan.

Martitzenean bileran, baserritarrek azoka indartzeko berrikuntzak eskatu zizkieten Udal Gobernuko eta Debemeneko ordezkariei. Azoka, azaroko bigarren zapatuan egingo da, azaroaren 10ean.

Aurtengo Gaztañerre azoka antolatzeko bilera egin zen martitzen arratsaldean, udaletxeko batzar aretoan. Bertan, hogeiren bat lagun batu ziren; tartean, baserritarrak (gehienak San Andres auzokoak), artisauak eta herriko elkarte batzuetako ordezkariak. Bilera gidatzeko lanetan, berriz, erakundeetako ordezkariek jardun zuten: Jabier Garmendia Landa Garapenerako zinegotziak eta Iker Aldazabal alkateak, eta Agurtzane Etxaniz Debemeneko arduradunak.

Bileraren lehenengo zatian, azokaren antolaketan ohikoak diren kontuak erabili zituzten ahotan: azoka eguna noiz izango den (azaroaren 10ean), baserritarren bazkaria non egingo den aurten (Txurruka jatetxean), omenduko diren adineko baserritarrak zein izango diren (zinegotzia udaletxeko datu basean begiratzekotan gelditu zen), opariak egitea zein artisauri dagokion (artisauak eurak biltzekotan gelditu ziren), eta abar. Azokan parte hartzeko eta lekua erreserbatzeko, berriz, Debemenera deitu behar da, 943 744067 telefonora.   

Ostean, azokan parte hartu izan duten baserri, ganaduzale eta artisauen errepasoa egin zuten, eta, aurten, barazki, gaztagintza eta ganaduzaleen atalean baja izango direla adierazi zuten zenbaitzuk. Horren harira, zenbait baserritarrek euren kezka adierazi zuten “urtetik urtera azokan baserritar gutxiago dagoelako”, eta azokaren sorrerako helburuak berrikusi eta berau indartzeko neurriak hartzeko eskatu zieten erakundeetako ordezkariei. Jabier Garmendia zinegotziak ontzat jo zituen eskari eta proposamenak, baina hausnarketa eta berrikuntza nagusiak aurreragorako lagatzea proposatu zuen eta bere konpromisoa adierazi zuen, aurtengo azoka pasatu ostean, parte hartzaile guztiekin batera azokaren etorkizuneko eredua lantzeko bilera erronda bat egiteko.

Aurtengo edizioari begira, azoka gunera jendea erakartzeko baligarri izan litezkeen zenbait ekimen berri proposatu ziren: azoka gunean erretako okela pintxoak banatzea, herriko sagardo lehiaketa, postuetan gazta eta bestelako pintxoak oparitzea produkturen bat erosi dutenei… Horiek kasuan, Garmendiak adierazi zuen sagardo lehiaketa eta postuetako pintxoena aurtengo edizioan ezartzeko ahalegina egingo dutela.   

Bestalde, Garmendiak jakinarazi zuen datorren urteko aurrekontuez berba egiteko baserritarren batzarra irailaren 27an egingo dela, arratsaldeko 19.00etan.