Ehun lagunetik gora batu ziren astelehenean Plaza Berrian, beste behin, pentsio “duinak” eskatzeko. 2018 eta 2019an pentsioak KPI kontsumo prezioen indizearen arabera eguneratzea ez zaie nahikoa iruditzen, “izan ere, elektrizitatearen igoerak bakarrik ezerezean lagatzen du igoera horren eragina”. Ondorioz, erabaki dute etorkizunean astelehenero batzen jarraitzea.
Hego Euskal Herriko jubilatuen eta pentsiodunen plataformak, bere aldetik, iragarri du "mobilizazio handi bat" ari dela prestatzen urriaren 1erako. Udazkenean egingo duten protesta hori Estatu osora zabaldu nahi dute.
Herriko politikarien debatea
Irailaren 25ean, pentsionistek antolatuta, udaletxean ordezkaritza duten alderdien arteko debatea egingo da antzokian. Herriko kazetari batek gidatuta, pentsioen gaiaren inguruan jardungo dute, bakoitzak iritzi eta proposamenak azalduko ditu. Saioa irekia izango da eta edozeinek joan ahal izango du.