Urruntze politikak dakarren “alferrikako sufrimendua” amaitzeko eskatu dute

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 12a, 10:44

Zapatu arratsaldean, Plaza Berrian egin zen elkarretaratzea.

Joan zen zapatuan, Asier Heriz eta Iñaki Saez oroitzeko ekitaldiak egin ziren euren senide eta lagunek antolatuta. Hamazazpigarren urteurrenean ere, dispertsio politika amaitzeko aldarria izan zen nagusi.

Goizean, Karakaten batu ziren hirurogeiren bat lagun eta loreak ezarri zituzten Asierren eta Iñakiren omenez landatutako pagoaren oinetan. Horrekin batera, dantza eta bertsoak izan ziren, txalaparta doinuez lagunduta. Ekitaldian gainera, Ibon Muñoa preso eibartarrak idatzitako gutuna ere irakurri zuten.

Arratsaldean, elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian “Dispertsioa hiltzailea. Maite zaituztegu!” leloarekin. Bertan, adin guztietako pertsonak batu ziren, herrikoak eta kanpokoak, urruntze politika salatzera.

Donostiarako deia

Euskal Herriko Sare Herritarrak egin duen deialdiarekin bat eginez, Soraluzeko Sarek dei egin du, urriaren 20an, Orain Presoak lemapean, Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera. Bertan, “urruntze politkak eragiten duen sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea” eskatuko dute. Manifestazioa Sare Herritarrak deitu du eta arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguoko tuneletik. Datozen egunetan zabalduko da izen-ematea herritik antolatuko diren autobusetan joan ahal izateko.