Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikiko dute irailean

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 11a, 10:43
Kerexetaegiako trikuharria, birtualki errepresentatua.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak datozen asteetan hasiko dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskoiker Fundazioak. Izan ere, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, eta Dolmenen Ibilbidea balioan jartzera bideratutako ekarpen ekonomikoa nabarmen hazi da.  

Atzo goizean aurkeztu zituzten Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren egoitzan, 2018-2019 urteetarako Dolmenen Ibilbidean egitea aurreikusita dauden lanak. Han izan ziren, besteak beste, Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea, Elena Lete Bergarako alkatea, Ane Beitia Elgoibarko alkatea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jesus Tapia arkeologoa. Eurekin batera, ekitaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako eta Europar Politiketako Zuzendaria ere, Irma Basterra.

Datozen hilabeteotan mendigaineko proiektuari bultzada nabarmena emango diote. Horixe nabarmendu zuen Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak bi urterako egitasmoaren aurrekontua eta ekintzak  aurkeztu dituenean. Aurrekontuari dagokionez, Soraluzeko Udalak 113.000 euroko egitasmoa prestatu du eta berau finantziatuko duten erakundeen ekarpen ekonomikoa handitzea lortu du: hiru udalek, esaterako, 7.000 euroko ekarpen bana egingo dute aurten – orain arte ekarpena 2.500 eurokoa zen -; Jaurlaritzak, bere aldetik, 69.300 euro bideratuko  ditu eta Aldundiak 13.800 euro. Guztira, 104.100 euro bideratuko dira Historiaurreko monumentu multzoa berreskuratu eta ezagutarazteko proiektura. Aldazabalek estrategikotzat jo du proiektua Soraluzerentzat eta eskertu du beste erakundeek proiektuari eman dioten babesa.

Aldazabalek azaldu zuenez, proiektuaren barruan hiru ekintza nagusi bideratuko dira datozen bi urteotan: Kerexetaegia Hegokoa (‘Keixeta’) trikuharria berreraikiko da, Irukurutzeko tumuloa industuko dute eta bisita gidatuak antolatuko dituzte jendeari ondare arkeologikoa ezagutarazteko. Horrekin batera, ahalegin komunikatiboa indartuko dute Dolmenen Ibilbidearen berri zabaltzeko. Eskuorri berriak argitaratu dituzte eta Soraluzen bertan aurkezpen bat prestatzen dihardute udazkenerako.

Kerexetaegia berreraikiko dute irailean

Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzeari dagokionez, lurra prestatzeko lanak hasita daude eta datozen asteetan ekingo diete berreraikitze lanei Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUko Arkitektura eta Zaharberritze alorreko teknikariek UNED Bergarako kideekin elkarlanean. Lanak irailean hasi eta urrian amaitzea aurreikusten dute.

Trikuharrian egingo den esku-hartzea, bereziki, zentratuko da hilobiko ganberaren berreraikitzan, baina tumuluaren zati bat ere berreraikiko dute, osorik ez bada ere. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak eta abar. Hain zuzen, Debegesak ikusgai jarri du trikuharriarriaren errepresentazio birtuala jasotzen duen bideoa.

Irukurutzetako trikuharria industen hasiko dira urrian

Ikerketa arkeologikoaren alorrean ere ekintza garrantzitsua burutuko dute aurten, izan ere, urrian Irukurutzetako trikuharriaren indusketa lanak hasiko dituzte. Irukurutzetakoa Gipuzkoako trikuharri handienetakoa da, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, indusketa arkeologikoak ekarpen nabarmenak egin ditzake tumuluaren neurriak eta egituraren ezaugarriak zehaztuz. Gainera, badaude Neolito garaiko material arkeologikoa aurkitzeko aukerak.

Jesus Tapiak dei egin die herritarrei indusketan boluntario moduan parte hartzera. Lanak urriaren 20tik azaroaren 15era bitartean burutuko dira eta bertan parte hartu nahi dutenek jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzi behar dute.

Bisita gidatuak, udazkenean

Bisita gidatuena izango da proiektuak bultzatuko duen beste ekintza-ildo garrantzitsua. Iaz eskainitako bisita gidatuek izan zuten "harrera bikaina" ikusita –192 lagunek parte hartu zuten –, doako bisita gidatuak eskainiko dituzte iraila eta azaroa bitartean, domeketan. Ondorengo hauek dira bisiten egunak:

Irailak 30 (euskaraz)

Urriak 7 (gaztelaniaz)

Urriak 21 (euskaraz)

Urriak 28 (gaztelaniaz)

Azaroak 4 (euskaraz).

Ibilbideak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira, goizeko 10:00etan. Bederatzi kilometroko ibilbide gidatuak izango dira, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Iraupena hiru ordu eta erdikoa izango da. Bisitari amaiera emateko, berriz, gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.

Beharrezkoa da aurrez izena ematea. Interesa dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituta edo info@begi-bistan.com helbidera idatzita.

Gizaburuagako trikuharria, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena

Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa eta interpretazio lanek erakutsi dutenez, Gizaburuagako trikuharria da, zalantzarik gabe, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena. Estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu dituzte han eta, oso kalitate onekoak, gainera.

Indusketa lanak metodo estratigrafikoari jarraituz egin dituzte, hau da, geruzak banan-banan eta kontu handiz indusi dira; orain, material honen guztiaren sailkapena eta azterketa egiten ari dira laborategian.

Gizaburuagan frogatu dute errauste errituaren sarrera uste baino lehenagokoa izan zela; bi errauste aurkitu dituzte eta biak Brontze Aroa amaitu aurrekoak dira. Hain zuzen, datazio hori erabateko ziurtasunez baieztatzeko azterketa gehiago egiten dihardute orain, eta azterketa horiek baieztatuko balukete hezurren zahartasuna k.a. 1.800-2.000 urte ingurukoa dela, penintsula mailan garrantzi handia izango lukeen aurkikuntza izango litzateke.