"Atzoko eguna Soraluzen mundiala izan zen. Beti bezela, herri osoa bolkatu zen lanerako eta festarako eta emaitza ederra izan da", adierazi du Aspanogiko ordezkariak biharamunean. Izan ere, atzo, hirugarrenez, Aspanogiri laguntzeko Etxaburuetan antolatu zuten jaia arrakastatsua suertatu zen.
3.047 euro Aspanogirendako
Dirutan, guztira, 3.047 euro jaso dituzte minbizidun umeei eta euren familiei laguntzen dien elkarteara bideratzeko. Horietatik erdia baino gehiago, 30 metro baino gehiago zituen ogitartekoa banatuz, 1800 errifak salduz eta jendearen borondatezko ekarpenen bidez jaso dute: 1.733 euro; gainerakoa,1.314 euro, Aspanogiko mahaian batu zuten materiala salduz eta jendearen borondatezko ekarpenen bidez.
Jendearen berotasuna
Diruarekin batera, nabarmena izan zen atzo jendearen berotasuna ere, ekimenak antolatzen lagunduz eta berauetan parte hartuz. Goizean, gaztetxo koadrila batek umeekin jolasean jardun zuen, Itziar Burunzak eta Bermeotik etorritako lagunek alaitu zuten giroa trikitixarekin eta tortila lehiaketan lau tortila egin zituzten. Azkenean, nagusien egoitzatik etorritako aitita amamen tortilak jaso zuen lehen saria.
Iluntze partean, hogeitamar metroko tortila ezarri zuten mahaietan, baina euri tanta batzuk tarteko, euri zaparradaren arriskua handia zenez, haimak muntatu behar izan zituzten, "dida batean, jendearen laguntzari esker". Ostera, ogitarteko osoa estaltzeko haima nahikorik ez eta bi iladatan ipini behar izan zuten ogitartekoa. Ilundu zuenerako, pintxotan banatuta janda zegoen dena. Bitartean, Arianne Unamunok eta Domentx Uzinek girotu zuten jai eremua, gitarrarekin kantu ezagunak interpretatuta.
Amaitu aurretik, eguneko saskia ere zozkatu zuten eta 9241-a izan zen zenbaki saritua, "aspaldiko partez batu zen lagun koadrila batek" gustora jaso zuena. Egun borobila, beraz, beste behin, Aspanogiren alde antolatu zutena.
Eskerrak
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete modu batera edo bestera atzoko eguna antolatzen lagundu duten herritar eta komertzioei.