Dolores Ordaxek ehun urte bete ditu gaur

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 7a, 14:00
Dolores, ondoan alaba (Lice) eta semeak (Servito eta Jose Luis) dituela.

Eguerdian udaletxeko eta jubilatuetako ordezkariak joan zaizkio bisitan Doloresi, ehun urte bete dituela eta, oroigarria eta loreak eroatera. Bere seme-alabez ingururatuta, eskerronez hartu ditu guztiak.

Atxuri kaleko etxebizitza batean bizi da Dolores, hirugarren pisuan, eta badira pare bat urte etxetik ohikoasunez ateratzeari laga ziola. Ibai aldera ematen duen leihotik begira ematen du denbora asko eta “herritar guztiak kontrolatuta ditu”, alabak esan digunez. Ibiltzeko arazoak dituen arren, berbetarako bizkorra dago Dolores eta burua bere lekuan du.

Bisitan joan zaizkionak agurtu eta eskertu ostean, bere bizitzaren nondik norakoen berri eman digu Doloresek. Jatorriz Valladolideko San Pedro de Latarce herrixkakoa da, hamaika anai-arrebako familia bateko kidea. 1965ean etorri zen Soraluzera, berrogeita zazpi urterekin: “hemen lanerako eta bizitzeko egoera hobea zen. Gure herrian ez genuen txakur txiki bat ere, nekazaritzatik bakarrik bizi ginen eta”. Aurretik, bere anaia eta semea etorri ziren Soraluze lanera eta beranduago etorri zen bera, eta gainerako bi seme-alabekin batera.  

Etxeko lanak egitearekin batera, Ikastola garbitzen ere lan egin zuen “urte askoan”. Gogoan du garai hartan jende asko etorri zela herrira lanera eta ia etxerik gehienetan hartzen zituztela apopiloak: “etxean apopilo bat baino gehiago hartzen genuen, lo egiteko lekua behar zuen jendea, kamioietan eta lo egin behar izaten zuena, eta askotan lurrean lo egin behar izaten genuen, oheetan ez ginen kabitzen eta”. Esate baterako, Valladolideko bere jaioterritik Soraluzera etorritako 20 familia inguru zenbatu ditu.

“Garai hartan portal guztietan zeuden fabrikak eta etorri ahala hartzen zuten jendea. Tren estaziora ere joaten ziren jendea etorri orduko lanerako hartzera”, kontatu digute gaur ondoan zituen seme-alabek. “Eguerdietan, ezin izaten zen kalean pausorik eman ere, langileak fabriketatik ateratzen zirenean kale eta taberna guztiak betetzen diren eta”.

Azkenekoz bere jaioterrira joan zenetik ere bi urte inguru pasatu dira. Ordura arte, urtero joan izan dira uda partean, opor garaia bertan pasatzera: “Hemen kanpokoak ginen eta han forasteroak”, esan du semeak, eta denek baieztatu dute halaxe zela.