“Zer ari da gertatzen Mediterraneoan?” Galdera horri tiraka jardunaldiak antolatu ditu Hautsak Harrotzen taldeak. “Egoera gertutik aztertu, ikertu, salatu eta bizi izan duten herritarren berri edukiko dugu. Helburua da herritarrak eta mugimenduak zertan ari diren jakitea eta gaiari buruzko gure uste eta ideiak partekatzeko aukera proposatzea”. Horretarako hitza emango diete “itsas-salbamentuan, hizkuntza aniztasunaren arloan, armagintza industria salatzen, harrera planak garatzen eta dokumentalgintzan” diharduten elkarte eta norbanakoei.
Jardunaldien egitaraua
Irailaren 10etik 26ra, Kiroldegiko erakusketa gelan
-Ekimena: Argazki erakusketa. Bizitza hobe baten bila dabiltzan errefuxiatuen egunerokotasunaren lekuko zuzenak diren argazkiak.
-Ordutegia: Astelehenetik barixakura 19:00etatik 20:30era. Larunbatetan 12:00etatik 13:30era.
Irailak 12, asteazkena, 19:00etan, Gaztetxean
-Ekimena: Refugiados. Camino a ninguna parte dokumentala proiektatuko da, eta, ostean, solasaldia egingo da Unax Blanco dokumentalaren egilearekin.
Dokumentalak erakusten digu Europar batasuna eta Turkiaren arteko ituna sinatu ondoren, Grezian, inora bidean aurkitzen diren 70.000tik gora errefuxiatuen errealitatea.
Lau lagunen testigantzak jasotzen ditu; bizimodu hobe baten bila Mediterraneoa zeharkatuz, gerra, miseria eta millaka kilometrotako ihes bidaia gainditu duten lau lagunenak. Testigantza hauek tartekatzen dira gobernuz kanpoko hainbat bolondresen zein salbamendu taldeetako kideen ahotsekin.
Irailak 14, ostirala, 19:00etan Gaztetxean
-Ekimena: ‘AUZOKO proiektua’-ren aurkezpena. Maialen Elizburuk, Pil-pilean Euskaltzeen Elkarteko kideak, Auzoko proiektua aurkeztuko du eta, ostean, harreman dinamika eta afarimerienda (norberak dakarrenaren janariarekin) egingo dira.
Irailak 17, astelehena, 19:00tan, Gaztetxean
-Ekimena: 'Migrazioa: Ikuspegi historikoa eta gaur egungo ezaugarriak' hitzaldia.
-Hizlaria: Marta Luxan. Demografian aritua eta aditua. Antropologia feminista taldeko kidea.
Irailak 19, asteazkena, 19:00etan, Gaztetxean
-Ekimena: Zuk dokumentala proiektatuko da, eta, ostean, solasaldia Borja Olabe Sea watch taldeko kidearekin.
2017ko krisi migratorio gisa izendatu duten hondamendiaren aurrean, hainbat boluntario-talde euren denbora ematen dabiltza ekimen, egitasmo eta ekintzatan desberdinetan, han-hemenka. CEAREuskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak edo Salvamento Marítimo Humanitario moduko euskal erakunde, elkarte edo plataformetako kideak agertzen dira dokumentalean.
Irailak 26, asteazkena, Gaztetxean
-Ekimena: Estas gerras son muy nuestras. Industria militar vasca liburua aurkeztuko du Ignacio Robles Gasteizkoak kolektiboko kideak.
Gerrak hornitu eta bertatik izugarrizko errentak ateratzen dituzten merkatari askok euskal abizenak dituzte. Euskal Herrian ekoizpen militarraren hiru laurdenak Arabia Saudi, Turkia, Israel edota Egipto bezalako herrialdeetara exportatzen da. Ikerketa lan honen bidez, agerian uzten da egungo euskal industria militarrean euskal enpresa haundiek zein - SAPA, Aernnova (lehengo Gamesa), ITP, Sener, Sendagorta familia edo ta Pedro Morenés - enpresariek dituzten interesak eta darabilten jokaera. Liburu honek erreminta izan nahi du Euskal armagintza industriaren errealitate gordin eta lotsagarriari hedapena eman eta jendarteratzeko. Izan ere, egun planeta suntsitzen ari diren gudak ehundaka kilometrora gertuta ere, oso gureak dira.
Oharra: Antolakuntzak jakinarazi du ekimen guztietan hizkuntza-boluntarioak izango direla euskaraz esandakoa gaztelerara itzultzeko.
Hautsak Harrotzen taldea
Herrian sortu berria den taldea da Hautsak Harrotzen. Asmoa dute bi hilabetean behin gai bat plazaratzeko eta aukera emateko herritarrei “elkarrekin ikasi” eta “saretzen jarraitzeko”. Aurreratu dute azaroan drogen gaia landuko dutela.