Jai ederrak joan dira San Martzialen, jendetsuak eta parte hartzaileak

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 3a, 10:39

Giro ederrean joan dira aurtengo San Martzialgo jaiak. Bi egunetan zehar jende asko hurreratu da auzora eta parte hartze handia izan da antolatu diren ekimen guztietan. Barruan kronika eta argazkiak.

Edade guztietako jendea batu da asteburuan San Martzialera eta antolatzaile taldekoak oso gustura daude ekimenek herritarren aldetik izan duten harrera onarekin. Hala adierazi digu antolatzaile lanetan jardun duen Igor Aldazabal auzotarrak.

Parte hartzea handia izan da bi egunetan zehar antolatu dituzten ekimen guztietan. Zapatu goizean, esaterako, hogeita bost lagun inguruk egin zuten mendi buelta eta ostean koadrilatxoa gelditu zen bazkaltzen. Arratsaldean, ume jolasetan, ume mordoxka batu zen, eta, iluntzean, jendetza, Benito Rosek eskaini zuen erakustaldia ikustera. Txapel jaurtiketa berriz, bertan behera laga zuten trial erakustaldia berandutu zelako. Gauean, berrogeitamar lagun inguruk afaldu zuten auzoan eta salda preparatzeko aitzakiarekin, gaupasa ere egin zuten zenbaitzuek.

Domekan, karidadeko saldak eta meza kristauak eman zioten hasiera egunari, eta, ostean, dantza erakustaldia eskaini zuten Urrats taldeko dantzariek, Domentx Uzin eta Edurne Orbea txistularien doinura, paellaz inguratuta; zortzi paellaz, hain zuzen. Paella guztien artean, Pili, Ainhoa eta Jeniren paella, mariskoz osatutakoa, izan zen Gaizkak, Erikek eta Laidak osatu zuten epaimahaikoak gehien puntuatu zuena. Geroxeago, denak jan zituzten bazkaltzera batu ziren hirurogeitamar lagun inguruk.

Bazkal ostean, musean jokatzera jarri ziren hamarren bat bikote eta toka lehiaketan parte hartu zuten hogeiren bat lagunek. Musean, Leon eta Pedro “Aldaso” gailendu ziren “Altzubarren” eta “Karpi”-ren aurretik, eta, tokan, berriz, Ramon Agirrek azertatu zuen gehien, bederatzitik sei aldiz burdina jota. Gero, zezentxoak eta poniak izan ziren, eta errekorte moduko batzuk ere bai. Azkenik, txokolate beroa janez amaitu zituzten aurtengo jaiak.  

Aipatzekoa da, bi egunetan zehar martxan izan direla Piberen parrila eta Petritegi sagardotegiko kupela, eta, klaro, jan edanak oinarri ona eskaintzen du beti jaiak behar bezala ospatzeko.