Benito Ros munduko trial txapeldunak erakustaldia eskainiko du San Martzialen

Egoitz Unamuno 2018ko abu. 28a, 13:02

Asteburu honetan egingo dira jaiak San Martzialen. Zapatu arratsaldean, Benito Ros munduko bike trial txapeldunak erakustaldia eskainiko du. Bideoa: Biketrialjerez.  

 

Azken urteotan legez, aurtengo San Martzialgo jaietan ere ekimen berriak izango dira. Beharbada, denetan deigarriena, Benito Ros (Abartzuza, 1981) txirrindulari nafarrak eskainiko duen bike trial erakustaldia izango da. Ros, autoritate bat da modalitate horretan, izan ere, hamar aldiz irabazi du Munduko txapelketa eta beste bi aldiz Europakoa.   

Igor Aldazabal auzotarrak kontatu digu zela lortu duten Ros San Martzialera ekartzea: “Erakustaldia egiteko azpiegitura guk montatzearen truke lortu dugu munduko txapelduna auzora ekartzea. Mankomunitatetik hiru edukiontzi ekarriko ditugu eta egurrezko moduluak ere jarriko ditugu, etxean geuk preparatu ditugunak. Bizikletarekin batera, motorra ere ekarriko du eta espektakulu polita izango da, ordu eta laurden ingurukoa. Ikusgarriena izango da bi metro inguruko alturatik behera salto egiten ikustea”.  

Arratsaldeko 19:30ean hasiko da trial erakustaldia, baina aurretik, giroa berotzen hasteko, Petritegi sagardotegiko kupela zabalduko dute, DJ Georgeloop bergararrak girotuta. Gainera, aurten, parrilan erretako haragia eskainiko dute bertaratzen diren guztientzako: txistorra, hirugiarra, saiheskia… Beranduago, hirugarren aldiz, jendearen artean halako harrera ona izan ohi duen txapel jaurtiketa egingo dute.

Ondoren, afaritan gelditu nahi duenarendako, ogitartekoak eskainiko dituzte, eta 00:00etatik aurrera, karidadeko salda preparatuko dute ermitako estalpean, domeka goizean banatzeko. Plazako txoznarekin batera, ermita ondoko txozna ere berreskuratuko dute aurten, hiru haima ipinita estalpea berregokituko dute eta. Iaz, estalpe zaharra jausi zen eta haren faltan, ez zuten txoznarik ezarri.   

Mendi bueltak ibilbide bakarra

Zapatu goizeko mendi bueltak ibilbide bakarra izango du aurten. Aldazabalek azaldu digunez, 14 kilometro inguruko ibilbidea adostu dute mendi taldearekin batera: “Iazkoa baino ibilbide motzagoa izango da. Herritik San Martzialera igoko gara, eta handik Galvanizados Arrate paretik potzura joango gara, Udalak bertaraino egin duen bide berritik. Handik Arribaso ingurutik Eibarrerako urak bideratzen diren tuneleraino joango gara eta handik Ostegieta baserri ingurutik Topinburu eta Illordo gainetik Eitzakotxotik buelta, etorriko gara berriz auzora.  

Domekan, ohiko ekimenak

Ohiko ekimenak antolatuko dituzte domekan: meza, paella eta dantza goizean; eta musa, toka eta zezentxoak arratsaldean. “Domekan jende asko etortzen da. Lagun arte ona osatu dugu, eta jendea oso gustora egoten da. Horixe da nahi duguna, auzora adin ezberdinetako jendea etortzea eta ondo pasatzea. Aurten ere ahalegina egin dugu betiko ekimenak eta berriak antolatzeko eta ea jendea animatzen den”.

 

Ikus aurtengo San Martzialgo jaietako egitarau osoa.

Erlazionatuak

Egitarau osoa

Egoitz Unamuno 2018 abu 28 Soraluze