Borobilean izeneko ikuskizunarekin etorriko dira Soraluzera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, bestelako pertsonaia batzuek, eta noski, euren ikuskizunetan ohikoak dituzten erritmo eta kolore biziek lagunduta.
Bizikidetza
Borobilean ikuskizuna baliatuta, “pailazoek galdera egingo diote euren buruari: Nork agintzen du etxean? Nork eskolan? Eta kalean? Lagunartean? Borobilean eseriko dira denak, begiak eta bihotzak elkarri begira: Arauak ezarri, ardurak hartu eta banatu, antolatu, nork bere lekua hartu, pozak, minak eta desirak elkarri kontatu, errespetua landu, elkar ulertzen saiatu, erabakiak hartu… Eman, jaso eta moldatu, bizikidetzaren sokatan funanbulista bihurraraziko gaituzte denok pailazoek”, esplikatu dute Katxiporreta TBn.
Sarrerak 5 euroan
Pailazoek saio bakarra egingo dute, Arane kiroldegiko frontoian, irailaren 13an, 18:30ean. Sarrerak bost euroan ipiniko dituzte salgai. Erosteko aukera dagoenean jakinaraziko dute Bizikaleko kideek.
Izan ere, Bizikale Merkatari Elkarteak ekarriko ditu pailazoak Soraluzera, herriko merkatarien eta herritarren arteko harremana sendotzen eta biziberritzen laguntzeko helburuarekin, finean, herritarrek udalerrian bertan erosi eta kontsumitu dezaten animatzeko.