Tortillarik onenak De la Rosatarrenak

Ubane Madera 2018ko abu. 17a, 12:50

Roberto eta Maria de la Rosa birritan izan ziren txapeldun atzo, eguena, San Roke Eguneko tortilla lehiaketan. Izan ere, 11 bikotek egindakoen artean De la Rosatarren tortillak aukeratu zituen epaimahaiak, patatadun tortillen mailan zein tortilla berezien mailan. Aipagarria izan zen, besteak beste, Mesedeetako egoiliarrek ere parte hartu zutela lehiaketan.

11 bikotek parte hartu zuen atzoko tortilla lehiaketan. Urte luzez parte hartu izan zutenekin batera, lehen aldiz parte hartu zuten bikoteak ere izan ziren San Roke Eguneko lehiaketan; eta soraluzetarrez gainera, izan ziren ere kanpotik etorritako lehiakideak. 

Nazioarteko lehiakideak 

Azken horien artean zen Lara Altuna (senarraren abizena eman zuen), Ander Epelderekin batera lehiatu zena. “Errusiarra naiz, baina hogeitaka urte daramatzat Sevillan bizitzen. Taberna batean egin izan dut lan, beraz, badakit patatadun tortilla egiten. Baina Errusian ez dago horrelakorik”, kontatu zuen. 

Bikote klasikoen artean, berriz, Pilar Gallastegi eta Santi Gonzalez hortxe izan ziren, fin-fin lehian. “15 bat urtean lehiatu izan gara eta 9 bider-edo lortu dugu podiuma”, kontatu zuen Gallastegik.

Gazteak ere 

Eta berrien artean, gazteek osatutako mahai pare bat izan ziren. Horien artean, gainera, patatadun tortillen mailan bigarren saria eskuratu zuten Lierni Elizburuk eta Ines Laskurainek: “Atzo (eguaztenean) bueltatu ginen oporretatik, lehenago bueltatu ere. Eta pentsatu genuen: han gaudenez, goazen ba lehiaketan parte hartzera. Ondo gabiltza”, kontatu zuten. 

Mesedeetakoak 

Eta bestelakoen artean, berritasuna izan zen, baita ere, Mesedeetako egoiliarrek ere parte hartu zutela lehiaketan; hiru bikotek, guztira. Are gehiago, sari banaketan Iker Aldazabal alkateak aipamen berezia egin zien parte hartzearren, herritarren txalo artean.

Lau tortilla 

Kontuak kontu, eta tortilla lehiaketa izaki, lau tortilla aukeratu behar izan zituen Leire Elizburuk, Aritz Laskurainek eta Jose Ramon Zabalak osatutako epaimahaiak. Erabakia hartzea zaila izan zela kontatu zuten haiek: “Oso subjektiboa da. Norberari modu jakin batera gustatzen zaio tortilla, baina beste ezaugarri batzuk ere kontuan hartu behar dira-eta…”. Hain justu, tortillaren zaporea, testura eta aurkezpena baloratu zituzten honakoak aukeratzeko. 

 

Saridunak, honakoak izan ziren: 

Tortilla berezien artean, onena: Roberto eta Maria de la Rosarena. 

Patatadun tortillen artean, onena: Roberto eta Maria de la Rosarena.

Patatadun tortillen artean, bigarrena: Ines Laskurainena eta Lierni Elizbururena.

Eta patatadun tortillen artean, hirugarrena: Bittor Trebiñorena, Domingo Sanchezena eta Jose Valenciarena. 

Irabazleek, De la Rosatarrek bakailaoarekin eta Nafarroako piperrekin egin zuten tortilla berezia. Patataduna, berriz, “maitasun handiz” egin zutela adierazi zuten, ostera, “normala” zela. 

Pintxoak 

Lehiaketaren ondoren, ohi denez, txartelak banatu zituzten bertaratutakoen artean, tortilla pintxoak eskuratzeko. Eta gustura asko jan zituzten Plaza Zaharrera bertaratu zirenek.