Patxada ederrean hasi ziren Andramari jaiak

Ubane Madera 2018ko abu. 16a, 11:39

Plaza Zaharreko zuhaiztiaren babespera batu eta haren itzalpean gozatu zituzten atzo herritarrek eta bisitariek Erandioko Herriko Musika Bandak Andramari egunean utzitako doinuak. Baita Basajaun taldearen dantzagarriak ere, horiek iluntze partean. Aipagarria da ikusleen artean bazirela kanpotik etorritakoak ere, Sevillakoak eta Alemaniakoak, adibidez.

Patxada ederrean hasi dira Soraluzeko Andramaixak, musika doinu gozoek lagunduta. Erandioko Herriko Musika Bandaren kargura izan ziren haiek, Mitxel Diezen zuzendaritzapean plazaratuta. Bizkaitarrek kalejira egin zuten Plaza Zaharrean eskainitako kontzertuaren aurretik. 

Zortzi pieza

Kontzertuan, berriz, zortzi pieza eskaini zituzten: lau euskal kantu eta beste lau kantu “modernoagoak”, Diaz zuzendariaren esanetan. Hark azpimarratu zuen moduan, “kontzertu bakoitzerako errepertorio berria prestatzen dugu; noizbehinka kantu bereziak eskatzen dizkigute, baita Soraluzen ere”. Amaitzeko, Agur Jaunak kantua interpretatu zuten, banda bera zein Plaza Zaharrean zeuden herritarrak zutik zirela.

52 aldiz 

53. urtez etorri da Erandioko Herriko Musika Banda Soraluzera. “Bueno 53 urte, baina 52 aldiz, iaz ezin izan genuen etorri-eta”, esplikatu zuen bandako zuzendariak. Hark gaineratu zuen gustura asko etortzen direla Andramaixetan Soraluzera, “oso adeitsuak dira soraluzetarrak, musikaz asko gozatzen duen jendea da”.  

Ikusleen artean, berriz, bertakoekin batera kanpora bizi izatera joandako batzuk eta bertara bisitan etortzen diren beste batzuk ere izan ziren; Sevillatik etorrita zein Alemaniatik etorrita, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.