Astelehenean hasiko dira farolak ipintzen

Ubane Madera 2018ko abu. 14a, 15:33

Farolak ipintzeko oinarriak gertu daude uztailetik.

Astelehenean, abuztuaren 20an hasiko dira Ezozi Futbol Zelaira bideko farolak ipintzen. Haien oinarriak ipinita laga zituzten uztailean, eta datorren astean lanok bukatuko dituzte. Bederatzi farola ipiniko dituzte.

Errepidearen bi aldeetara ipiniko dituzte, eta  kokaleku egokiena zehazteko argiztapen azterketa egin dute, Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez. Hark gaineratutakoaren arabera, eguzki panel bitartez funtzionatuko dute farolek eta led argiteria sistemakoak izango dira, herriko gainontzeko argiteriak erabiltzen duen sistema berekoak, alegia.

Segurtasun neurriak

Lanek iraun bitartean bertako bizilagunek aukera izango dute bertatik pasatzeko, baina hartu beharreko segurtasun neurriak hartuta, errepidean lanean ibiliko direlako. 

Obren aurrekontua da 32.208 euro (BEZ barik). Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sailak egingo du inbertsioa. Diputazioak berak eraikitako Hirukurutzetako biribilgune berrira egindako bisitan iragarri zuten, hain justu, obra horiek ere egingo zituztela; “Soraluzeko Udaleko Udal Gobernuak egindako kudeaketari esker”, azpimarratu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.