Mutrikuko zezenak, tortilla lehiaketa, dantzaldiak… badatoz atzera ere jaiak!

Ubane Madera 2018ko abu. 13a, 14:45
Zezena gaztea harrapatzen, iazko San Roke Txiki egunean.

Abuztuko lasaitasunak etentxoa izango du eguaztenetik barikura, Andramaixak tarteko. Euri bako egunak iragarri ditu Euskalmetek, beraz, badirudi oraingoan eguraldia lagun izango dela herriko jaietan. Tortilla lehiaketa izaten da jaiotako ekitaldi herrikoietako bat; lau lagunek eman du izena oraingoz.

Eguaztenean, eguerdian hasiko dira jaiak, Erandioko Herriko Musika Bandaren kalejirarekin. Haren kargu etorriko da, baita ere, 13:00etako kontzertua. Erandioarrak urtebeteko etenaren ondoren bueltatuko dira Soraluzera, iaz ezin izan zuten etorri-eta, bestelako konpromiso bat tarteko. Ostera, historikoak dira bizkaitarrak Soraluzeko jaietan, hogeitaka urtez etorri izan dira-eta. 

Eguaztena borobiltzeko, “betiko euskal abestiak, rock klasikoa, patxanga, dantzagarriak, punk-a…” denetariko musikarekin dantza egiteko aukera izango da Basajaun taldearekin, 20:00etan zein 23:00etan.

Bi tortilla mota

Eguenean, berriz, 07:30ean ohiko prozesioa egingo dute San Rokeren baselizara. Hain justu, orduantxe jaitsiko dute zaindaria parrokiara, harik eta urriaren 12an santuaren irudia San Rokera bueltatzen duten arte.  

Ondoren, 11:00etan hasiko da tortilla lehiaketa, Plaza Zaharrean. 12 lagunek parte hartu ahal dute bertan, eta oraingoz lauk eman dute izena. Lehian izango dira patatadun tortillarik onenak eta tortilla berezirik onena. Hain justu, patatadun tortillen artean hiru sari izango dira: 80 euro, 50 euro eta 30 euro. Tortilla berezirik onenean, berriz, (patataz aparte, norberak nahi duena gehitzen dio) 50 euroko sari bakarra izango da. Eta ordu berean, baita ere, baina Plaza Berrian, umeendako puzgarriak ipiniko dituzte.  

Eguena ere dantzaldi birekin borobilduko dute: Cafe Irlandes taldearenak, 20:00etan bata eta 23:00etan bestea.

Zezenak eta musika 

Jaiak amaitzeko, San Roke Txiki egunean Mutrikuko zezenekin jolas egiteko aukera izango da, 11:00etan eta 18:00etan, kontu handiarekin, noski. Eta tartean, bi kalejira ere izango dira: 13:00etan Soraluzeko Larreategi trikitilari taldearena eta 19:00etan, berriz, Baralde txarangarena.