Jaietako gertakariak, bitxikeriak eta beste

Ubane Madera 2018ko abu. 1a, 13:05

Bukatu berri diren jaietan izan da jaiez aparte hainbat gertakari eta bitxikeria ere. Gertakarien atalean, nabarmenenak izan dira borrokaren bat zein beste eta gazte bat atxilotu izana. Bitxikerien artean, berriz, udaltzaina errekatik hesiak arrantzatzen ikustea deigarria izan zen, eta baita ere ikustea zela danborradako doinuekin Kutxabankeko pertsianak zabaldu egin ziren.

Gertakarien kasuan, jaien bigarren egunean Calonje kaleko etxebizitza batean lapurreta saiakera izan zen. Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, bizilagunak etxe barruan zeudela zaratak entzun zituzten, euren atean zerbaitetan ibiliko balira moduan; portalera irten zirenean pare bat andrerekin topo egin zuten, eta zertan zebiltzan galdetzean, erantzun zieten alokairu bila zebiltzala, eta ospa egin zuten. 

Jaietako zapatuan izan zen, berriz, gertakaririk nabarmenena: gazte bat atxilotu zuten, ustez jendea zirikatzen zebilelako. Deigarria izan zen gertakaria, hari begira herritar mordoa elkartu zelako Kalebarrenen, 17:30-18:00ak inguruan. 

Lekukoen arabera, gaztea ingurukoak zirikatzen ibili zen, eta udaltzaina bertaratu zen. Gaztea hari ere oldartu egin zitzaion eta udaltzainak kolpe batzuk eman zizkion besoan gazteari, eta ondoren Ertzaintzari abisatu zion. Baina luze joan zen haiek etorri ziren arte. 25 minutu inguru tardatu zuten.  

Bien bitartean, geroago eta jende gehiago batu zen Kalebarrenen, gertakariari begira; eta azkenean udal langileen buruak udaltzainari lagundu egin zion eta bien artean atxilotu zuten gaztea. 

Justu gaztea atxilotzea lortu zutenean azaldu zen Ertzaintza, eta patruilara eraman zuten atxilotutakoa, Bergarako ertzain-etxera eramateko. Ikusgarria izan zen Kalebarrenen sortu zen “kalejira”, ikusteko zela sartzen zuten gaztea polizia-kotxera.  

Zentzu horretan, kritika batzuk ere entzun ziren herritarren aldetik, gaztea lehenago atxilotu ez izanagatik, “sortu zen espektakulua lotsagarria” zela zioten. Udaltzainak, berriz, adierazi zuen bera bakarrik zegoela eta horregatik abisatu ziola Ertzaintzari. “Luze egin zitzaidan, bai. Bakarrik nengoen, eta Ertzaintzari abisatu arren, tardatu egin zuten etortzen”, dio udaltzainak.

Eta gertakarien atalean, zapatu gauean borrokaren bat zein beste izan zela ere badiote lekukoek. Anbulantzia ere etorri behar izan zen gau hartan, ebaki bati arreta emateko. 

Danborrada eta Kutxabank

Bitxikerien atalean, berriz, Frantziska Iraolagoitiak bidalitako bideoak erakusten du zela justu danborradak Plaza Zaharrean jo zuenean Kutxabankeko pertsianak bakarrik zabaltzen hasten diren.

Bitxikeria izan zen, baita ere, ikustea udaltzaina ibaira botatako hesiak “arrantzatzen”. “Gaur gainera bigarren aldia da botatzen dituztela”, kontatu zuen hesiak ateratzeko saiakera eta saiakera artean. 

Bitxikerien atalean-edo, sar daiteke, baita ere, domeka goizaldean kale garbitzaileek batu zuten zikinkeria mordoa. “Frontoian hiru edukiontziak beteta egon arren, lur dana zegoen zikin. Boteiloi mordoa izan zen, gazte asko etorri zelako eta horiek ez dutelako dirurik tabernetarako. Eta gero dena lurrean laga zuten. Horrez aparte, gu lanean geunden bitartean, oraindik asko etxeratzeke zeuden, eta hori ere ez da atsegina. Guri, adibidez, edalontzi eta botila bana bota zizkiguten Bolianeko balkoitik”, kontatu dute. 

Guztira, bost garbitzaile ibili dira jai-egunetan kaleak garbitzen, ohiko hirurak eta beste bi lagun, errefortzu modura, 06:00ak ezkero lanean. “Azken egunean 10:00etan bukatu behar genuen, baina 12:00ak arte ibili ginen”, kontatu dute. 

Eta bitxikeria edo erakusteko modukoa izan da, adibidez, Mari Mar harakinaren erakusleihoa: dekoratu zuen berau danborradako ikurrekin eta Soraluzeko jaietako zapiekin. “Urtero egiten dut halako zerbait, ea datorren urterako beste norbait ere animatzen den”, adierazi du hark.