1.000 lagun inguru espero dituzte Soraluze Open Air Gune Musik-en

Ubane Madera 2018ko uzt. 28a, 12:21
Aitor Ronda musikari kataluniarra.

18:30ean frontoiko karpa zabaldu eta 21:00etan abiaraziko dute gaur, zapatua, Soraluze Open Air Gune Musik. Indartsu dator zazpigarren edizioa izango duen teknoaren zaleendako eskaintza, besteak beste, munduko gorenen artean dagoen Aitor Ronda Soraluze Open Air Gune Musik-en zango delako. 

Mikel Apariciok, Soraluze Open Air Gune Musiken antolatzaileetako batek, azpimarratu duenez, “pasa den hilabetean Blue Girl Ep izeneko azken lana argitaratu zuen Aitor Rondak, bi astean beatport salmenta plataforman munduko topeko lehengo ehunen artean sartuta zegoen. Bere aurreko lana munduko toparen lehenengo postuan egon zen denbora luzean. Beraz, musikalki, Aitor Ronda maila oso altuan dago gaur egun, eta Soraluzera ekartzea aukera paregabea da guretzat. Aitor Rondak bizitza musikal luzea eta ikaragarria du. Gaur egun, tekno estiloan, produkzio atalean, mundu mailan onenetarikoa da. Zigilu diskografiko entzutetsuenekin fitxatu du eta gero eta maila handiagoa lortuz ari da zentzu guztietan. 20 urte daramatza elektronikaren munduan, eta hainbat zigilu sortu ditu: Up front records, Drakos records…. 

Soraluze, Eibar, Deba… 

Rondarekin batera, Soraluze Open Air Gune Musiken karteldegia osatzen honako musikariak ere izango dira: Urok A.K.A violent Subsconscious (Soraluze); Apa A.K.A Dinnamickal (Soraluze); Daniel Rivas & Erkorek A.K.A Soled (Arrasate); Andoni Martin eta Oier Aguinaga (Eibar); Purple boyz (Deba); J&F (Usurbil) eta Aritz Ramirez (antolatzailea). 

Zazpi bat ordu 

Guztien artean, 7 bat orduko ikuskizuna eskainiko dute. Eta bestelako edizioetan moduan, oraingoan ere, aurreikuspena da ehunka zale erakartzea, baita Euskal Herritik kanpokoak ere. Hauxe esan digu Apariciok: “Pasa den urteko edizioan 600 pertsona erakarri genituen, baina orain dela bi urte gure ediziorik jendetsuena izan zen, 1.000 bat pertsona etorri ziren (…) Hainbat lekutatik etorri ohi dira, Kantabriatik, Errioxatik, Burgostik, Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik, Iruñetik eta aldamenetako herrietatik”.

Master-class 

DJ saioez aparte, baina, aurten berritasun bat ere izango du Soraluze Open Air Gune Musikek: Ableton Live 10 programari buruzko master-classa egingo dute, Andrew Car eta Beatoren eskutik.  Apariciok zera esplikatu digu: “Ableton Live 10 musika munduko hainbat programetako bat da. Estilo askotako musika egin daiteke hura baliatuta, ez musika elektronikoa bakarrik. Gaur egun, bakarlari askok erabiltzen dute euren doinuak eta erritmoak egiteko. Gure atalean, musika elektronikoan, erabiliena da”.

Master-classa karpa zabaltzeaz bat egingo dute, 18:30ean. Doan izango da, eta interesa duen edozein bertara daiteke, Apariciok esan digunez, “Denoi zuzenduta dago orokorrean, zeren eta elektronikara aplikaturiko teknikak edo produkzio erregelak berdinak dira musika mota guztietan. Berdin du teknoa izatea edo jazz musika izatea”.