Tonbola ipiniko du Kukumixok, 600 opari baino gehiagorekin

Ubane Madera 2018ko uzt. 25a, 12:04
Pil-pileanek egindako tonbola, 2016an.

Txupinazoaren aurretik tonbola izango da aurten Plaza Berrian. Kukumixo Aisialdi Taldeak ipiniko du, 10. urteurrena duelako 2018an. Sari mundialak iragarri dituzte, eta bi txarteletatik batek izango duela opariren bat. Tonbola 18:00etan zabalduko dute, txartelak agortu arte.

Tableta, umeendako jolasak, asteburu-pasak, deskontu-txartelak herriko saltokietan erabiltzeko, afariak, elikagaiak, Puntu.eus-en saskiak… denetik eta gehiago izango du gaur, eguaztena, 18:00etan zabalduko duten Kukumixoren tonbolak, Plaza Berrian. 

Herritarrek emandakoak

600 oparitik gora gertu dituzte tonbolarako, guztiak ere herriko elkarteek, komertzioek eta norbanakoek emandakoak. Euro baten truke eskuratu ahalko da txartel bakoitza, sei txartel, berriz, bost euroren truke. Zentzu horretan, Kukumixok eskerrak eman nahi dizkie opariak eman dizkieten guztiei.

Tonbolan irabazitako dirua erabiliko dute urrian taldearen hamargarren urteurreneko ospakizunak finantzatzeko.