Pozik udalekuek emandakoarekin

Ubane Madera 2018ko uzt. 24a, 09:43

Udalekuen amaierako talde argazkia, barikuan, Plaza Berrian.

Ur-jolasek lagunduta bukatu zituzten udalekuak barikuan, ohi denez. Hori bai, aurten udaletxe ondoko txirristarik ez zuten izan neska-mutikoek azkeneko egun horretan, bota zituen zaparradak tarteko. Hain justu, horrexek baldintzatu ditu gehien udalekuak: eguraldi ezegonkorrak, aurreikusitako planak aldatzeraino eragin ere. Osterantzean, baina, udalekuen antolatzaileek, Kukumixok modu positiboan baloratu du aurtengo jarduna.

Txirristaren lekua Plaza Berriko iturriek bete zuten udalekuen azkeneko egunea, barikuan. Kalerik kale eta jolasez jolas zebiltzala, zeruari begira ibili behar izan zuten neska-mutikoek, laino grisak eta tartean botatzen zuen lanbroa jaun eta jabe izan zirelako zeruan.

Edozelan ere, oro har, eguerdi parteraino eutsi egin zuen eguraldiak, aldiz, arratsaldeko hainbat zatitan gogotik bota zuen. Hori ez zen eragozpen izan, baina, bainujantzia soinean jantzi, eta ur-jolasez gozatzeko udalekuen azken minuturaino.

Ezusteko barik

Aurtengoak ere bukatuta, eta zailtasunak zailtasun, emaitza modu positiboan baloratu du Kukumixo Aisialdi Taldeak, udalekuen antolatzaileak: “Oso ondo. Eguraldiak baldintzatu ditu momentu asko, baina B plana antolatu eta kito. Bereziki, eguraldia izan da planak aldatu eragin diguna, bigarren astean, batez ere. Gainontzean, ez da egon arazorik, ez zaio inori ezer gertatu, irteerak oso ondo irten dira, eta oso ondo baloratzen da hori. Eta umeen kopuruari dagokionez, zentzu horretan ere balorazioa positiboa da”, adierazi du Naiara Kortabarria arduradunak.