“Denboran atzera egitea modukoa izan da”, adierazi zuen ikusleetako batek dokumentala amaitu ostean. Ikusle askok goraipatu egin zuten ikusitako lana, ibaiaren gaineko kontu interesgarri asko jasotzen dituela iritzita. Garai bateko kontuekin batera, joan zen otsailean gertatu zen zianuro isuriaren irudiak ere jasotzen ditu lanak.
Proiekzioaren aurretik, Leire Ginea eta Tere Guenetxea egileek kontatu zuten zelakoa izan zen testigantza bildumekin ikusentzunezkoa osatzeko jarraitu duten prozesua eta adierazi zuten “gauza asko faltako diren arren” emaitzarekin gustura gelditu direla: “uste dugu ibaiaren historiari dagozkion kontu polit asko jaso ditugula eta etorkizunean baliagarri izan daitezkeela ibaiaren egoera berreskuratzeko bidean. Poz horrekin gelditzen gara”.
Ikusentzunezkoa, Jose Luis Mendizabal "Azalia" zenari eskaini diotela ere adierazi zuten: "Jose Luis Mendiak eta ibaiak lan taldeko kidea zen eta konpromezua hartua zuen lan osatzen jarduteko, baina lana hasi aurretik hil egin zen. Hori dela eta, berari eskaini diogu dokumentala",esan zuen Leire Gineak.
Ordubete pasatxoko proiekzioaren ostean, elkarrizketatuei eta zenbait kolaboratzaileri emandako laguntza eskertu eta opari bana eman zizkieten, eta, ondoren, denek batera, argazkia atera zuten, azkenik, luntxera joateko.
Berriz ikusteko aukera
Udazkenean dokumentala berriz proiektatzeko asmoa adierazi zuten egileek. Ostegunetako Pelikulak zikloaren barruan eskainiko dute emanaldia, dokumentala ikusteko aukerarik izan ez dutenek ikusteko modua izan dezaten. Izan ere, joan zen egunean antzokian bildu zirenen batazbesteko adina berrogeitamar urtetik gorakoa izan zen eta egileek jende gazteagoarengana ere heldu nahi dute.
Horrekin batera, jakinarazi zuten hogeita bat pertsonei egindako elkarrizketak ikusgai daudela dagoeneko Ahotsak.eus-en eta etorkizunean Sorapedia.eus-en ere jasoko dituztela, argazki eta beste material batzuekin batera.