Urtarrilaren 17an zabaldu zuten arrandegia kooperatibako beheko solairuan. Rosa Burgoa ondarrutarrak hartu zuen haren ardura, kooperatibak beheko solairuko atzeko partea arrandegi baten beharretara egokitzeko obra egin ondoren.
Gutxi iraun du, baina, zerbitzu berri horrek Soraluzen. Orain dela bi egun, ezustean eta kooperatibakoen disgusturako itxi egin dute-eta zerbitzu hura.
Gutunez jakinarazi
“15-20 egunetako kontua izan da. Esan zuten hasi behar zirela arratsaldez ixten, diote arrandegiak ez zuela ematen arratsaldez zabalik egoteko. Baina guk hori ez dakigu, ze numerorik ez dugu ikusi. Eta guk, hain justu, arratsaldeko zerbitzu hori nahi genuen eskaini (…) Guk esan genien kontratuarekin segitu behar zuela, baina azkenean, gutunez eta modu txarrean esan zigun ezetz, laga egin behar zuela, eta besterik behar bagenuke, abokatuarekin berba egiteko”, jakinarazi dute Kooperatibako zuzendaritzatik.
Eta bertatik gaineratutakoaren arabera, orain “beste aukera batzuk begiratzen” dabiltza, arrandegi zerbitzua emateko. “Ze gainera, obra eginda dago”.