Pinto arranoa kumea zela ekarri zuen jabeak, Malagatik. Eta ortuko txabolan hazi zuen. Orain txabolatik atera eta kanpoan lagatzen du, txabola ondoan, eta hantxe egoten da arranoa, larregi aldendu barik.
Gaur goizean, esaterako, jarleku zahar baten gainera igota zegoen, argazkia ateratzera ondo-ondora joan arren ere, txintxo-txintxo. Badaezpada zeharka begiratu eta zaratak ateratzen ditu, abisu edo dei modura, baina besterik ez du egiten.
Erakustaldietan
Berez, Harris Arranotxoen espeziekoa da Soraluzeko Pinto. Hegazti harrapakari horiei esaten zaie, baita ere, Harrisen Zapelatzak, baina ez dira zapelatzen familiakoak, izatez, arranoak dira. Hain justu, arrano mota hori da gehien erabiltzen dena hegazti harrapakari bidezko erakustaldietan.
25 urteraino
Jatorriz AEBtakoa eta Hego Amerikakoa da arrano mota hori; 46-76 zentimetro arte altu da eta 710-1.020 gramoko pisua du. Hegoak zabalik dituenean, berriz, batetik bestera 100-120 zentimetro neurtzen du. Bitxikeria moduan, gizakiak baino zortzi bider ikusmen hobea du. Jabeak, bereziki, oilaskoa ematen dio jateko. 11 urte arte bizitzen dira naturan, gatibutasun egoeran, berriz, 25 urte ere har ditzake.