Autotxoke bako barraka-gunea

Ubane Madera 2018ko uzt. 17a, 09:45
Barrakak iaz Erregetxean.

Bihar, eguaztena, 10:30erako ibilgailuz libre laga behar da Erregetxea, jaietan izango diren barrakak etortzen eta muntatzen hasiko direlako. Izan ere, barikuan hasiko dira barrakak martxan. Hori bai, aurten albistea da autotxokeak ez datozela. 

Bihar etorri, muntatzen hasi eta barikuan zabalduko dituzte barrakak; datorren uztailaren 29ra arte (domeka) Erregetxean izango dira. 

Aldaketa nabarmena izango du, baina, aurten barraka-guneak, autotxokerik ez da-eta bertan izango. 

Getarian diru gehiago 

Mikel Leundak, Kulturako Udal teknikariak esandakoaren arabera, aurten Soraluzeko jaiak bestetan baino beranduago bukatzen dira, eta autotxokeetakoek esan dute ez diela nahikoa astirik ematen gero Getariako jaietarako autotxokeak han muntatzeko. Hori horrela, azaldu dute nahiago dutela uztailaren 27ko asteburuan ere Getarian ipini atrakzio hori, han askoz ere diru gehiago ateratzen dutelako. 

Koltxonetak eta beste 

Hori horrela, Leundak jakinarazi du autotxokeen lekuan beste atrakzioren bat ekartzeko aukera aztertzen badabiltzala. Eta autotxokeak etorri ez arren, urtero etortzen diren gainontzeko atrakzioak egongo dira Erregetxean: koltxonetak, lapiko txikia, txiki-parka, tiro-pitxoia, txurro-egilea eta lapiko handia. 

Umeen Eguna 

Barraketako prezioa izango da 1,80 euro bidaiako, lau bidaiarengatik 6 euro. Umeen Egunean (uztailaren 29an), berriz, bidaia bakoitzeko prezioa euro bakarrekoa izango da.