Sari banaketa, dantzaldia eta luntxa bihar, Itxaropena elkartean

Ubane Madera 2018ko uzt. 16a, 13:56

Soraluzeko Flamenco Taldea, iaz Itxaropena Erretiratuen Elkartean.

Herriko jaien aurrerapentxoa izango dute bihar, martitzena, Itxaropena Erretiratuen Elkartean. 17:00etan hasita, luntxa egingo dute lehenengo, karta-txapelketako sariak banatuko dituzte gero, eta bukatzeko, Soraluzeko Flamenko Taldeak emanaldia egingo du.

80-90 bat lagun bertaratu izan dira bestelako urte batzuetan Itxaropena Jubilatuen Elkartera, uztaileko hitzordu honetara. Hori horrela, horren araberako luntxa prestatu eta horrekin hasiko dute biharko jaialditxoa.

Lehen hiru bikoteendako

Gero, karta-joko txapelketako sari banaketa egingo dute; hain justu ere, Mus,Tute eta Briska Txapelketatako sariak dira bihar banatuko dituztenak. Karta-joko bakoitzeko lehen hiru bikoteendako izango dira sariak. Eta besteak beste, udal ordezkariak ere bertaratuko dira, sariak ematera.

Dantzaldia

Eta jaialditxoa bukatzeko, Soraluzeko Flamenko Taldeak dantza ikuskizuna egingo du lehenengo, “eta ondoren dantzalditxoa izango da, 20:00ak arte-edo”, Iñaki Quintanillak emandako xehetasunen arabera.