Udalekuetan aldaketak, eguraldiarengatik

Ubane Madera 2018ko uzt. 15a, 13:01

Kukumixo Aisialdi Taldeak jakinarazi du hainbat aldaketa egingo dituztela datorren astean udalekuetan. Batetik, bihar, astelehena, Mutrikura egitekoak ziren irteera atzeratu eta eguenean egingo dute; eta bestetik, joan den astean bertan behera utzi behar izan zuten nagusien lotarako plana etzi, martitzena, egingo dute. (Argazkiak: Kukumixo Aisialdi Taldea).

Eguraldi kaskarrak, udalekuetan hainbat aldaketa egitera behartu du Kukumixo Aisialdi Taldea. Batetik, biharko eguraldi txarra dago iragarrita; hori horrela, erabaki dute eguenera atzeratzea Mutrikuko hondartzara egitekoak ziren irteera. 

Horrenbestez, bihar, 10:00-13:00etara egingo dute jarduna, ohi duten moduan, Plaza Berrian elkartuta.

Ume Gaiztoen Festa 

Eta etzi, martitzena, berreskuratuko dute, berriz, joan den asteko egueneko zaparradak eragotzi zuen nagusien lotarako plana. Kasu horretan, goizez ohiko hitzordua izango dute: 10:00-13:00etara; eta lotarako planean parte hartu behar dutenek, berriz, 18:00etan eskolan egon beharko dute, Ume Gaiztoen Festarako.

Gaua pasatu behar dutenek motxila 18:00etan, bertan eraman beharko dute. Eta horrez aparte, eraman beharko du nork bere afaria, zakua edo manta, esterilla edo etzateko zerbait, aldatzeko oinetakoak, nezeserra, pijama, linterna eta hurrengo egunerako jantziak. Eta horrela nahi duenak panpinak, zapiak eta beste ere eraman ditzake. 

Barikuan egun osoz 

Bestalde, udalekuak barikuan bukatuko dituzte; eta iragarri dute egun osoko festa egingo dutela udalekuak borobiltzeko, Soraluzeko kaleetan, 10:00etan hasi eta 17:00ak bitartean. Hori horrela, eskatu dute eramateko honako gauzak: hamaiketako, kamiseta, bazkaria, krema eta txapela. 

Orain arte, primeran

Hori guztia datorren asteko udalekuei dagokie. Bukatzear den aste honetako udalekuei dagokienez, berriz, orain arte ederki asko ibili dira (eguraldiak jarduna ez dienean baldintzatu). Irteera bi egin dituzte, eta gainontzean Soraluzeko kaleak alaitu dituzte euren barrekin eta jolasekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.