Plaza Zaharra pasarela bilakatuko da, Bizikale Festaren moda desfilerako

Ubane Madera 2018ko uzt. 13a, 10:27

Bizikale Merkatari elkarteko Ana Sebal, Leire Mendizabal, Ainhoa Ibartzabal eta Martin Bernedo.

Gaur zortzi, uztailaren 20an, Bizikale Festa antolatu du Soraluzeko merkatarien Bizikale Elkarteak. Berritzailea izango da jaia, batetik dendariek azoka ipiniko dutelako, gauez; eta bestetik, azokaren tarte batean moda desfilea egingo dutelako, herriko saltokien jantziak herritarrek eurek erakutsita. Hain justu, herritarrak behar dituzte, modelo lanak egiteko. 

Bizikale Merkatari Elkartekoek kontatukoaren arabera, moda desfilea izango da 21:00-21:30ak bitartean, eta dagoeneko herriko lau-bost pertsona gertu dituzte parte hartzeko, “beste hamar lortuko bagenitu, primerakoa litzateke”, dio Ainhoa Ibartzabalek, ekimenaren antolatzaileetako batek. 

Edozein adin eta itxura

Edozein adinetako eta itxurako herritarrek parte har dezakete desfilean: umeek (0-4 urte bitartekoak), gazteek (15 urtetik aurrera), helduek, nagusiek, emakumeek, gizonek, txikiek, altuek, argalek, lodiek… Eta hiru saltokitako jantziak erakutsiko dituzte Plaza Zaharrean egokituko duten pasarelan: KLB6, Soraluze Kooperatiba eta Fanny Mertzeria. 

Ile-apaindegia eta makillajea

Modako jantziak, pijamak, umeen jantziak, helduendakoak… erakutsiaz egingo desfilea. “Dotore-dotore ipiniko dugu guztia, gainera, argitxo txikiekin argiztatuta, Belarrak saltokiko loreez inguratuta, eta musikaz girotzen ibiliko da Ander Ariznabarreta…”, dio Ibartzabalek. Modelo izango diren herritar horiek edertzeko, berriz, Lilura Estetikak makilatuko ditu, eta Mabel eta Marisa ile-apaindegikoek orraztuko dituzte. 

Izen-ematea

Moda desfilean parte hartu nahi duenak Ainhoa Ibartzabalekin jarri behar du harremanetan, Mapfre aseguru etxearen (Soraluze Zerbitzuak) Kalebarrengo saltokira bertaratuta. Datorren asteko eguaztena da izena emateko azkeneko eguna (10:00-13:30 eta 17:00-19:00). 

Azoka 22:30ak arte

Bizikale Festa 18:30etik 22:30era bitartean egingo dute, Plaza Zaharrean. Eta honako saltokiek parte hartuko dute: KLB6, Soraluze Kooperatiba, MGS/Kontulan, Iratxo Goxotegia, Belarrak, Triskel, Mabel ile-apaindegia, Lilura Estetika, Mapfre, Aritz fisioterapeuta, Ehuneko Denda, Tabakoak eta Autoservicio Amparo, Mendizabal Okindegia, Fanny Mertzeria. 

Taberna 

Taberna ere izango da, edariekin eta jatekoekin: “Otarrainska (langostino) brotxeta, Juan Mari arrandegiko produktuekin eginda eta Etxabe, Iñarra eta Marimar harategietako produktuekin egindako oilasko edo okela brotxeta. Eta egongo dira baita ere, solomo eta gazta edo solomo pintxoak eta hirugiharre eta gazta edo hirugiharre pintxoak.  

Ekintza berritzailea

Soraluze Zerbitzuak enpresako ugazabak esplikatu du uztailaren 20ko festaren eta haren ezaugarrien arrazoiak: “Urtean zehar egingo ditugun ekintzen arteko beste bat da hau. Izan ere geroago eta ekintza gehiago egitea da helburua, herritarrek ikus dezaten hemen gaudela, nahi dugula jendeak hemen erostea eta hemen geratzea. Eta gauez egitearen arrazoia da ba gauzak berritzen joatea nahi dugula eta orain udan jendea kalera apur bat geroxeago irteten dela kontuan hartuta, eta gainera, antzerako ekimenak gauez egiten dituzte inguruko herrietan  arrakasta handia dutela jakinda, pentsatu dugu horrelako zerbait antolatzea Soraluzen ere”.