Gizartean kontzientzia sortu beharra dago oraindik

Ubane Madera 2018ko uzt. 11a, 12:32

German Urteaga Elkartegian berbetan, atzo, martitzena.

Lagun giroan, German Urteaga mutil transgenero beasaindarrak trans munduari buruzko eta oro har, genero, sexu eta orientazio kontuei buruzko hitzaldia egin zuen atzo, martitzena, Elkartegian. Besteak beste, kontzeptuen esanahiak azaldu zituen, azpimarratuta, batak ez duela bestearekin zerikusirik, gizarteak inposatutakoa baino. 

Bi ordu inguruan berbagai izan ziren atzo, martitzena, Elkartegian sexua, generoa, orientazio sexuala eta genero rolak, besteak beste. German Urteagak, 23 urteko mutil transgenero beasaindarrak jarri zituen guztiak ere mahai gainean; LGTBI+ kolektiboaren siglak oinarri hartuta, hitzaldiaren hasieran.

Hori horrela, lehenengo eta behin berba edo kontzeptu horien gaineko esanahiak esplikatu zituen, parez pare jarriz gizarteak haiei ematen dien esanahia. 

Kontzeptuen azalpena 

Urteagak esplikatu zuenaren arabera, sexu biologikoaz berba egitean genitalez berba egiten da, alde anatomikoaz. Eta jaiotzean genital horien araberako generoa ezartzen dute. Izan ere, gaur gaurkoz, gizarteak sexu binarioa du ardatz, hau da, maskulinoa eta femeninoa, eta ez du besterik aintzat hartzen, nahiz eta pertsona asko jaio genital maskulinoekin eta femeninoekin.  

Horiek dira pertsona intersexualak. Baina ezkutuan gordetzen den errealitatea da; halako kasuetan, medikuen %80ak gomendatzen die gurasoei ebakuntza egitea eta umeari genital bakarrak lagatzea, normalean errazagoa izaten da, gainera, kentzea jartzea baino. Horrek umearengan dituen ondorio guztiekin. Eta legeak ere generoa aukeratu behar horretara bultzatzen du. Baina ile-gorriak bezain beste intersexual daude. 

Pertsonaren generoa genital horien arabera ezartzen da gaur egungo gizartean. Beraz, zakila badu mutila da eta alua badu, neska da. Baina genero identitatea barne sentimendua da eta norberak bakarrik daki zein generotakoa den. Beraz, sexu biologikoa eta generoa erabat independenteak dira. Eta sexu biologikoa binarioa ez den moduan, generoa ezta ere.

Eta era berean, badaude genero horien arabera gizarteak ezartzen dituen rolak, genero rolak. Hau da, generoa femeninoa bada, sokasaltoan jolastu behar du, soinekoak erabili eta abar. Eta genero maskulinoa badu, berriz, futbolean jolastu behar du, ezin ditu soinekoak erabili eta abar.

Orientazioa, berriz, da norberaren gustuek ezartzen dutena.  

Pertsona transgeneroak dira jaiotzean esleitu zaion generorekin identifikatzen ez den pertsona. Baina bere genitalekin gustura dagoena. 

Pertsona transexualak, berriz, dira jaiotzean esleitu zaion generoarekin identifikatzen ez den pertsona eta bere genitalekin gustura ere ez dagoena, hau da, genitalekiko disforia duena.

 

Bularrik nahi ez

Kontzeptu horiek eta bestelakoak esplikatzeaz aparte, German Urteagak, besteak beste, bere historia partekatu zuen Elkartegira bertaratutakoekin. Azaldutakoen artean, esplikatu zuen adibidez, 3-4 urterekin bera baino bi urte nagusiagoak ziren neska batzuk galdetu zutenean ea mutilak izango liratekeen, berak baietz erantzun zuela, bestelako inportantziarik eman gabe. Zela 7-8 urterekin jabetu zela berak ez zuela bularrik nahi, “ezin nuen nire burua bularrekin irudikatu”, esan zuen.  

Eta sentimendu horiek eta gehiago barruan burbuilaka izanda, 15 urterekin bere buruari galdetu ziola ea transexuala zen, eta erantzuna ezezkoa izan zela; eta zela 16 urtera arte ez ziola inori kontatu emakumeak gustatzen zitzaizkiola. 

Hortik harago, German Urteagari zailagoa egin zitzaion bere burua identifikatzea. Eta 21 urtera arte, lagun batek transgeneroa zela sekula pentsatu ote zuen galdetu zion arte ez zuela halakorik garbi ikusi.

Parte-hartze handia 

Hortik aurrera, partekatu zuen hilabete zela mastektomia egin zuela, bera bere genitalekin gustura egon arren ez zituelako bularrik nahi, “trans izateko mila modu daude”, azpimarratu zuen. Eta kontatu zuen, besteak beste, izena sozialki orain dela hilabete aldatu zuen arren, legalki oraindik ez duela lortu aldaketa hori gauzatzerik. 

Luze jo zuen hitzaldiak. Luze, bertaratutakoek ere parte hartu zutelako topaketan, eta gai ugari mahai-gaineratu zituzten, galderak eginez, esperientziak partekatuz eta zalantzak mahai-gaineratuz. 

Eta besteak beste, ondorioztatu zuten gizartean halako gaien artean kontzientzia sortu beharra dagoela oraindik orain eta jendeak halakoen berri izan beharra duela, entzun eta partekatu egin behar direla halako gaiak.