Ibai Kortabarria: “Entzierroak adrenalina topera ipintzen dit”

Ubane Madera 2018ko uzt. 11a, 09:26

Ibai Kortabarria, ezkerrean, kamiseta laranjarekin.

Badira hiruzpalau urte Ibai Kortabarria soraluzetarra Sanferminetako entzierroetara joaten dela. Aurten ere badihardu zezenen aurrean korrika egiten, atzoko (martitzena) argazkiak erakusten duen moduan. Nerbioak bai, baina beldurrik ez duela kontatu zuen atzoko entzierrotik bueltan, besteak beste.

Zeinekin joaten zara entzierroetara?

Aurten arte Bergarako lagunekin; eta aurten lehen aldia da Plazentziako Iñigo Rodriguezekin joan naizena.

Entzierro batera?

Ahal den guztietara. Atzo (herenegun), adibidez, Iruñeara joan ginen, baina ez genuen korrika egin. Eta gaur (atzo), Iruñeatik Lesakara joan gara, han zezenak ibiltzen dira kalean, Soraluzen moduan, eta hango zezenetara ere joan gara. 

Ze puntutan egiten duzu korrika?

Nik Estafetan. 

Eta zela bizi duzu entzierroa? Ez dago beldurrik? 

Ondo. Zezenek ez didate beldurrik ematen. Jendeak beldur gehiago ematen dit zezenak baino. Ze jende asko egoten da. 

Aste barruan joaten zara?

Ahal badut, bai. Sekula ez naiz joan asteburuan joan orain arte. Nahiago dut aste barruan joan, eta lasaiago ibili.

Telebistatik badirudi entzierroak geroago eta bizkorragoak direla, zezenak zuzen-zuzen joaten dira… 

Asko igartzen da bai. Denak batera doaz, bata bestearen atzetik; lehen entzierroetan emozio handiagoa zegoen. Orain zezenak ibili egiten dituzte… Eta horrenbeste urtean mantso berak izatea ere igartzen da, horiek ere bidea ikasita dute… 

Aurten errepikatuko duzu? 

Bai. Asmoa da ostiralera arte ahal dudan guztietan joatea. 

Noiz abiatzen zarete Soraluzetik? 

05:30ak aldean irteten dugu, ze 07:15ak baino lehen ibilbide barruan egon behar da, bestela ez dute lagatzen korrika egiten. 

Baduzu entzierro aurretik erritualen bat? 

Nerbioak-eta beti daude, eta buruari beti bueltak ematen diozu, baina ez daukat inongo erritualik. Hori bai, ezagunak beti elkartzen gara lehenago. Inguruko batzuk joaten dira, eta haiekin elkartzen gara.

Izan duzu sekula ezustekoren bat?

Iruñean ez. Beste nonbaiten askotan, baina bueno…

Entzierroak zer ematen dizu horrelako zaletasuna izateko?

Adrenalina topera ipintzen dit. 

Jendearen aldetik astakeriaren bat ikusi duzu? 

Bai, asko. Azkenekoan goizean Santo Domingon zain geundela batek galdetu digu ea zezenak ze zentzutan doazen.