Umeen bizipoza udalekuen oihartzun

Ubane Madera 2018ko uzt. 9a, 18:00

Plaza Berrian eman diete ongi etorria aurtengo udalekuei, ia 200 neska-mutikorekin batera, Marras ere bertan zela. Kukumixoren kantua abestu eta dantzatu, eta di-da ekin diote jolasari; horixe da, azken batean, umeek udalekuetan izango duten zeregin nagusia: jolastu. Bide horretan lagun izango dituzte 15 hezitzaile, guztiak ere ludotekakoak edo Soraluzekoak.

Gaur hasi eta uztailaren 20ra bitartean, bada, udalerriko zein inguruko bazterrak umeen alaitasunarekin zipriztinduko dira, Kukumixo Aisialdi Taldearen udalekuetan jardungo duten 184 neska-mutikoen eta gazteen bitartez.  

Kalea jolasgune dutela, euskara ahoan, jolasak, tailerrak eta irteerak egingo dituzte bi asteotan, baita etxetik kanpo lo egin ere. Bihar, esaterako, bainutokietara joango dira, adinka eta taldeka banatuta.