Gi-3653 errepideko argiztapen lanek bi fase izango dute; zimentazio lanak egingo dituzte lehen fasean, eta bigarren fasean, oinarri horietan farolak ipiniko dituzte, bederatzi, guztira.
Errepidearen bi aldeetara ipiniko dituzte, eta kokaleku egokiena zehazteko argiztapen azterketa egin dute, Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez. Hark gaineratutakoaren arabera, eguzki panel bitartez funtzionatuko dute farolek eta led argiteria sistemakoak izango dira, herriko gainontzeko argiteriak erabiltzen duen sistema berekoak, alegia.
Autoak erretiratu behar
Lanek iraun bitartean bertako bizilagunek aukera izango dute bertatik pasatzeko, baina hartu beharreko segurtasun neurriak hartuta, errepidean lanean ibiliko direlako. Ezingo dena da, gaur egunean aparkatzen den tokian aparkatu.
Hain justu, astelehenean 08:00etarako erretiratuta egon beharko dute bertan dauden ibilgailuek, eta ordutik eta lanak bukatu arte ezin izango da bertan aparkatu.
Denboraldia hasi aurretik
“Errepideko argiztapen lanak futbol denboraldia hasi aurretik amaituko dira, beraz esan dezakegu denboraldi hasierarako errepidea argiztatuta izango dugula eguna mozten hasten duenerako. Lan horiei esker oinezkoen joan-etorriak segurtasunez burutu ahalko dira eta Ezozi auzoko bizilagunek eta futbol zelaiko erabiltzaileen eskaera historikoari, bide emango zaio”, esan du Iker Aldazabalek.
Obren aurrekontua da 32.208 euro (BEZ barik). Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Sailak egingo du inbertsioa. Diputazioak berak eraikitako Hirukurutzetako biribilgune berrira egindako bisitan iragarri zuten, hain justu, obra horiek ere egingo zituztela; “Soraluzeko Udaleko Udal Gobernuak egindako kudeaketari esker”, azpimarratu du alkateak.