Musika frantsesaren antologiarekin estreinatuko da 'Iturrian zer dago?'

Ubane Madera 2018ko uzt. 5a, 12:41
Iñaki Miguel eta Estefania S. Wulf, Paddam bikotea.

Zapatuan abiaraziko dute Iturrian zer dago? izenburua duen musika-zikloa, Soraluzen estreinakoz egingo dena. Bi hitzorduz dago osatuta musika ziklo hori, eta bihar Paddam bikote donostiarrak Le Recital du chanson izenburua duen musika frantsesaren antologia egingo du, Plaza Berrian. Uztailaren 21ean, berriz, Ventos de Saudade musika taldeak eskainiko du kontzertua.

Zapatuan, 20:00etan hasiko dute musika saioa Iñaki Miguelek (gitarrarekin eta pianoarekin) eta Estefania S. Wulfek (ahotsa) osatutako bikote donostiarrak. Edith Piaf, Marie Laforët, Joe Dassin… kantarien abestiak interpretatuko ditu Paddam bikoteak, modu dotorean taularatuta.

Uztailaren 21ean, berriz, 20:00etan, etxeko talde batek eskainiko du kontzertua: Ventos de Saudade. Arianne Unamunok, Domentx Uzinek, Ane Ugaldek eta Jon Basaurik osatutako laukoteak, kasu honetan, musika portugesa izango dute oinarri, eta fadoen goxotasuna partekatuko dute ikusleekin.

Iturrian zer dago? musika zikloarendako estreinaldi-proba izango da aurtengoa; hori bai, Mikel Leunda udal teknikariak azaldu duenez,“funtzionatuko balu, egonkortu egingo genuke”. 

Hutsunea betetzeko

Berau antolatzeko arrazoia da, berriz, uztailean ekitaldi kopurua jaitsi egiten denez, hutsune hori betetzea: “ikasturtea amaitzearekin batera programazioa asko jaisten da Soraluzen, harik eta herriko jaiak iritsi arte, bai Udalak antolatu duena eta baita gainontzeko eragileek antolatzen dutena ere. San Andresko jaiez aparte, herriko jaiak bitartean ez da beste ezer egoten. Hori aintzat hartuta Alkarrekin plan estrategikoan kulturaz hausnartzen ibili zen taldean irten zen halako zer edo zer egiteko ideia; orduan aipatu zen hainbat leku erabili behar zirela kultura ekimenak egiteko eta Plaza Berriak baduela enkantu berezia. Hortaz, asmoa da uztailean formatu txikiko musika kontzertuak antolatzea bertan, iturria oholtza bihurtuz. Sasoi batean berau zen herriko ekintza asko antolatzen zen tokia”.