Kopurutan, 162.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) dute obra horiek. Kalearen 12. ataritik 29. atarirainoko (Gaztelupe taberna) tartean egingo dira lanok, bost hilabeteko epea aurreikusita.
Hainbat lan
Proiektuan jasotako oinarrien arabera, hainbat jarduera egingo dituzte Errebal kalearen zati horretan.
Batetik, errepidea eta espaloia plataforma bakarrean ipiniko dute (erdigunean dagoen modura).
Modu horretan nahi diote konponbidea eman 12. atariaren aurreko aldeko eta Gaztelupe taberna pareko espaloiek sortzen dituzten arazoei, larregiko estuak izanda, oinezkoak errepidera jaisten dira-eta bi puntu horietan.
Bestetik, Zubi Nagusiko piboteak lekuz aldatuko dituzte, gaur egun autoak bertan txarto aparkatuta egoten direnez, hori saihesteko.
Abuztuan etxeak bota
Horrekin batera, Errebal kaleko 14. eta 16. etxeak bota egingo dituzte. Kasu horretan, aurreikuspena da abuztua aprobetxatzea eraiste lanak egiteko, ze hiruzpalau egun behar dira, gutxi-gorabehera eraisketa lanak egiteko. Eta lan horiek egiten dituzten bitartean, errepideak, bai ala bai, itxita egon behar du.
Era berean, behin etxeak botata, ahaleginduko dira, 14 eta 16. atarien pareko espaloiari ahal den eta zabalerarik handiena ematen. Edozein modutan, bi etxeok edo bertako lurrak pribatuak dira, eta behin etxeak botata, bertan berriak eraikitzeko eskubidea dute. Asko jota behea gehi hiru solairu da etxeek izan ditzaketen gehiegizko altura.
Eta besteak beste, obra baliatuta, bertatik pasatzen diren lur azpiko zerbitzuak zaharberritu egingo dituzte.
“Obra konplikatua da, eta bost hilabeteko epea aurreikusten da gauzatzeko, baina seguru aski luzatu egingo da, ze lur azpian zerbitzu asko daude eta kalea jaso arte, ez dakigu zehatz-mehatz zein den haien egoera. Adibidez, Ur Partzuergoarekin elkarlanean, besteak beste, euri-urak eta ur zikinak banandu egingo ditugu, Gabolatsen egin dugun modura. Gainera, behin kalea jasota, orain da momentua zerbitzu horiek guztiak zaharberritzeko; aukerako obrak esaten zaie halakoei eta hori egingo dugu”, hori azaldu du Iker Aldazabal alkateak.
Obra konplikatua da, halaber, bertatik pasatzen den zirkulazioa ere berrantolatu egin beharko delako denboraldi handi batean, behintzat. Datak gerturatu ahala jakinaraziko dute zela berrantolatuko duten herri barruko zirkulazioa.