"Soraluze herri euskalduna iruditu zait"

Ubane Madera 2018ko uzt. 4a, 08:59
Jokin Aldamizetxebarria Lekerikauriarte udaltzaina, Zubi Nagusian.

Jokin Aldamizetxebarria Lekerikauriarte (Lekeitio, 1995) da irailera arte Soraluzen lan egingo duen udaltzain berria. Herritarrendako lagun berria da, baina lekeitiarrarendako berarendako ere berriak dira udalerria bera zein lanpostua.

-          Lehen aldia duzu udaltzain, hortaz?

-          Bai. Hilabete Arkauten egin dut eta udaltzain modura lehen lanpostua dut Soraluzekoa.

-          Noiz hasi zinen?

-          Ekainaren 26an hasi nintzen. Irailaren 10era arte egongo naiz, oporraldiko ordezkapenak egiten.

-          Ezagutzen zenuen lehenagotik Soraluze?

-          Ez. Lehen aldiz hemen nagoela. Goitik (saihesbidetik) pasatu izan naiz bakarrik.

-          Eta, ze iruditu zaizu udalerria?

-          Ba herri euskalduna iruditu zait. Nirekin, behintzat, euskaraz egin dute gehienek orain arte, eta neuk ere euskaraz egiten diet. Hori bai, arreta eman dit ikusteak zenbat kanpotar dagoen.

-          Eta herri modura, zer iruditu zaizu?

-          Txikia dela. Hondartza falta zaio (barre), eta goian badaude zonalde batzuk zikin samarrak.

-          Zelatan udaltzain?

-          Elgoibarren, Mekan automozioa ikasi nuen. Beharrean egon nintzen, automozioan, baina lana ez zitzaidan asko gustatu. Gero mekanizatua ikasi nuen Markinan. Eta fresatzaile ibili nintzen. Baina lagun batek esan zidan aukera zegoela udaltzain modura lan poltsa osatzeko. Eta sartu nintzen. Herrien zerrenda eman ziguten nora joan aukeratzeko. Lekeitio nahi nuen, baina beste batek lehenago hartu zuen. Zerrendan geratzen ziren Zumaia, Donostia… eta Soraluze. Eta Soraluze aukeratu nuen.

-          Zumaiaren eta Donostiaren aurretik?

-          Bai. Gertutasunarengatik, eta txikia dela-eta, trankilagoa izango zelakoan.