Robotak zela egin eta zela programatu ikasten dabiltza

Ubane Madera 2018ko uzt. 3a, 18:00

Robotika tailerrean diharduen bigarren taldea, Herri Antzokian, irakaslearekin.

Robotika tailerrean murgilduta dabiltza gazteak Soraluzen. 28 gazterendako lekua zegoen tailer horietan parte hartzeko eta guztiak bete egin dira. Hain justu, oraingo astean dabiltza lantzen tailerra bigarren taldearekin. Egunero elkartu eta robotak egiten eta programatzen ikasten dabiltza, irailaren 22an Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Gazte Robotika Txapelketaren 2. edizioan parte hartzeko.

Asier Zubizarretaren, robotika eta bideo-joko tailerrak lantzen dituen Doplay enpresako kidearen gidaritzapean, 13 neska-mutiko dabiltza robotika kontuak lantzen, egunero lau orduz Herri Antzokian.

“Robotak muntatzen dituzte lehenengo, gero programatzen ikasi eta ondoren desmuntatu egiten dituzte. Azaldu dizkiet zeintzuk diren iraileko txapelketako arauak eta probak. Bi proba daude, bietako bat aukeratu behar dute, eta haren arabera piezak emanda muntatzen dute robota. Helburua da astea amaitzerako eurak izatea kapaz robota muntatzeko, arazo bati erantzuna emango diona. Kasu honetan, arazoa da lehiaketa”, esplikatu du Aretxabaletako irakasleak.

Bigarren urtez 

Bigarren astea dute robotika tailerrek Soraluzen. Joan den astean 15 laguneko taldeak parte hartu zuen tailerrotan. Soraluzeko Udalak finantzatutakoak dira, Soraluce S. Coop. enpresaren laguntzarekin, eta Debegesar Garapen Agentziaren parte-hartzearekin. Halako tailerrak egiten diren bigarren urtea da hauxe.