Garbitu dute Mutxaneko potzurako bidea

Egoitz Unamuno 2018ko uzt. 2a, 12:10

Hamabost bat lagun batu ziren domeka goizean Mutxaneko potzurako bidea garbitzeko egin zen auzolanean. Denetariko zaborrak atera zituzten, obretako edukiontzi osoa bete zuten arte.

Frigorifikoa, bi telebista, labea, bidoiak eta beste hainbat hondakin jaso zituzten potzurako bidean. Izan ere, oraintsu arte, ohikoa izan da zaborra erreka zuloetara botatzea, zegokion zabortegira eraman beharrean. “Sagarrerrekan zabor asko pilatu da jendeak errepidetik botatakoa; uste baino gehiago”, aipatu du norbaitek.  

Zaborrak ateratzen zihardutela, ezustean, harri zapal handi bat ere topatu zuten, bere zulo ilada eta guzti. Urbanok ez zuen zalantzarik izan, “hau ‘santanderinoen bolatokiko’ harria da, txirloak kolokatzeko erabiltzen zutena”.

Lanaren ostean, auzolanean jardun zutenek hamaiketakoa egin zuten Kukupeko iturrian. Helduenek, gaztetxotan inguru haietan egindako ibilerak izan zituzten ahotan. Bitartean, dozena erdi mutiko potzuan bainatu ziren, urarekin tenperaturagatik inolako kexurik azaldu barik.   

Bidea garbi potzuraino

Galvanizados Arrate baino goraxeago hasten da Mutxaneko potzuraino doan bide berria, orain dela hilabete batzuk Soraluzeko Udalak eta Debegesak eraiki zutena, Alkarrekin egitasmoaren baitako asmoari jarraituz. Bide erosoa da, eta nahikoa laua, nahiz eta noizbehinka aldaparen bat edo beste ere baduen. Domeka goizean, bide horren inguruetan pilatutako zaborrak atera zituzten.

Erlazionatuak

Mutxaneko potzuan bainatzen

Egoitz Unamuno 2018 uzt 02 Soraluze