Sutearo erakundea: bazkideen sostenguz, bazkideendako babes

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko uzt. 2a, 09:37

Landa eremuko eraikinei babesa eman guran sortu zen Sutearo Elkarri Laguntzeko Erakundea. Gaur-gaurkoz, 4.200 bazkide inguru ditu. Eta horiek, nola ez, funtsezko dira erakundearendako: eurak dira egitasmoaren sostengu.

Ohikotasunaz gaindi, landa eremuko eraikinetako jabeei babesa eman guran sortu zen Sutearo Elkarri Laguntzeko Erakundea. Eta irabazi asmorik gabe dihardu ordutik hona. Hori horrela, erdigunean jarriak ditu bazkideak: eurak dira laguntzak eta erakundearen funtzio arauak erabakitzen dituztenak –eredu asanblearioan dihardute–. "Ez gara aseguru konpainia bat. Elkartasuna, autogestioa eta partaidetza ditugu ardatz", azaldu dute erakundeko kideek.

Gauzak horrela, gizartearen eskakizun berrietara moldatzen dihardute etengabe –betiere, atzera begirakoa akorduan mantenduz–. Eta horretan geratu barik, aurre egina diete urteetan topatutako traba eta oztopoei. Bada, gaur-gaurkoz, askotarikoak dira jo puntuan dituzten kalteak: suteak, elurteak, tximistak, euriteak, harriak, urak eragindakoak, lapurretak, erantzukizun zibiletik datozen kalteak... –bazkideen ekarpenekin egiten diete aurre halakoei–. Erabili ez den dirua, bestalde, bazkideen poltsan sartzen dute, aurrera begirakoei heltzeko.

Bazkideekin batzarrak

Esan moduan, Sutearok bazkideak ditu oinarrian. Eta aldian aldiko batzarrak dituzte erabakitze esparru nagusi. Hain zuzen ere, ohikoan, bazkide bakoitzak batzar baterako deia jasotzen du urtean–zonaren arabera antolatutako 39 elkarte edo ermandadetan banatuta daude horiek–.

Ostean, Federazioa da horien lotzaile; urtean behin batzartzen dira hori osatzen duten elkarte edo ermandadeak. Zehatz esanda, urteak eman duena azaltzeaz aparte –balantzea, bazkide kopuruan izandako gorabeherak, aldaketak...–, bazkideen ekarpenak jasotzeko esparru dira halako bilkurak.

Eta, nola ez, eskubide berak dituzte bazkide guztiek: "Boto eskubide berbera dugu denok, babestutako etxe kopurua eta horien balioa edozein izanda ere". Eta bide beretik dihardute gainerakoan: guztiek eskubide berak dituzte laguntzak jasotzeko, erakundeko aginte organoko kideak aukeratzeko –edo, aukeratuak izateko–, erakundeari eskatutako informazioa jasotzeko...

Datu baikorrak

Gaur-gaurkoz, 4.200 bazkide inguruk du bat egina egitasmoarekin –oro har, 5.000 etxebizitza inguru daude Sutearoren babespean–. Eta, nola ez, ateak zabalik dituzte proiektuaren parte bilakatu gura duenarendako. Interesa duenak 946 30 00 62 edo 660 39 67 00 telefono zenbakietara dei dezake. "Etxea ikustera joango ginateke geu, proiektua azaldu eta aurrekontua egiteko, besteak beste", argitu dute erakundekoek. Hain justu ere, etxearen balioaren araberako ekarpena egin behar du bazkide bakoitzak.

Prebentzio lana

Eta prebentzio lanarekin ere badihardu Sutearok, etxeetako jabeei izan ditzaketen kalteen gaineko informazioa eta aholkuak emanez. Hala, horri begirako hainbat egitasmo izan dituzte martxan. Besteak beste, su-itzalgailuak dituzte jarriak babestutako etxebizitza guztietan, tximistek eragin ditzaketen kalteak ekiditeko informazioa dute banatuta, tximinia garbitzearen garrantziaz jardunak dira...