Urteko lanaren fruitua plazaratuta

Ubane Madera 2018ko eka. 30a, 12:12

Plaza Zaharra eszenario erraldoi bilakatu zuen atzo, barikua, Urrats Dantza Taldeak. Haren baitan diharduten dantzari umeek, gazteek eta helduek ikasturtean ikasitako dantza mordoa partekatu zituzten inguruan begira zituzten herritarrekin. Musikariak ere fin ibili ziren, txistua eta dultzaina tartekatuz eta ikuskizunari indar berezia emanez.

Ordubete inguruko saioa egin zuten dantzariek eta txistulariek atzo iluntzean, Urrats Dantza Taldearen ikasturtea agurtzeko egindako saioan. Ez ohikoa izan zen janzkerarengatik eta plazaratutako dantzengatik; izan ere, jantzi tradizionalen partez, zuri-beltza oinarri zuten janzkerarekin dantzatu ziren 50 bat herritar, hori bai guztiak ere neskak. 

Izerditan blai

Dantzei dagokienez, berriz, umeek, gazteek eta helduek dantza batzuk elkarrekin egiteak izan zuen berezitasunaz aparte, dantza berriekin edo horren ezagunak ez zirenekin osatu zuten saioa: Arbol, Calles, Jota, Polka eta beste askorekin. Jakina, musikak ere ez ohikotasun horri eman zion oihartzuna, txistu doinuekin, dultzaina doinuak ere tartekatuz. 

Atzoko berotasunarengatik eta egindako ahaleginarengatik izerditan blai bukatu zuten protagonistek saioa amaitzean, baina gustura asko ere bai, saioak emandakoarekin.