50 bat dantzariren ikuskizuna izango da gaur

Ubane Madera 2018ko eka. 29a, 11:35

Urrats Dantza Taldeko kideak iaz, kiroldegian.

Urrats Dantza Taldeak urteko ikuskizuna egingo du, gaur 18:30ean hasita Plaza Zaharrean. Euskal dantzak oinarri hartuta 10 bat dantza erakutsiko dituzte, modu dotore eta estilo garaikidean aurkeztuta. Ordubete inguruko saioa izango da, 50-55 bat dantzarik egingo dutena, izan ere umeek eta nagusiek batera egingo dute dantza.

Kaskarrotz, Ikurrin Dantza, Arbol, Calles, Polka, Agurra, Txankarrenkua moduko dantzak taularatuko dituzte Urrats Dantza Taldea osatzen duten dantzariek. Oraingoan, baina, helduek eta umeek, guztiek elkarrekin egingo dute dantza eta jantzi ere, ez ohiko modura jantzita dantzatuko dute, estilo garaikidean.

Jakina, Soraluzeko Txistulariak ere izango dira gaurko ikuskizunaren parte, ezinbestekoak dira-eta dantza taldean.

Ekaitza bada, kiroldegian

Iaz egin zuten Urrats Dantza Taldeko dantzariek lehen aldiz halako ikuskizuna eta oso gustura geratu ziren emaitzarekin, ikusleak zein egileak.  

Bestalde, ekaitz arriskua iragarri dute adituek iluntzerako. Bada, ekaitza tokatuko balitz, ikuskizuna kiroldegian egingo dute.