“Gaur ez ditut ja berbak aurkitzen ezer adierazteko. Gaur beste emakume bat eraila, atzo tipo horien askatasuna…Ez dira konturatzen kalean zer pasatzen ari den. Ze kalean hauxe ari da pasatzen, kalean jende guztia gaude kontra, baina ez dira enteratzen zein den herritarron nahia”, berba horiekin eta bertaratutakoei eskerrak emanez eman dio amaiera elkarretaratze zaratatsuari Olatz Sebalek, Korner Morea elkarteko ordezkariak.
Aniztasun handia
Bertan zeuden herritarrek txalo artean babestu dute hark esandakoa. Herritarrek, zein politikariek. Izan ere, Deba Eskualdeko Koordinadora Feministak deitutako elkarretaratzean herritarrekin batera egon dira Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten zinegotzi ia guztiak ere.
Herritarren artean, berriz, nabarmena izan da elkarretaratzean elkartu den aniztasuna. Kopurua bera ere esanguratsua izateaz aparte (270 bat lagunek parte hartu du), adin, sexu, lanbide eta pentsaera guztietako herritarrek bat egin dute, gaurko protestarekin.