Suaren bueltan dantzan

Ubane Madera 2018ko eka. 22a, 20:25
Udate gauerako erregaiak Plaza Berrian gertu.

Urteko gaurik motzena suaren argiz piztuko da bihar gauean, zapatua, Plaza Berrian egingo den suaren bitartez. Haren bueltan elkartuko dira herritar ugari, kantuan eta dantzan jarduteko, izpiritu txarrak uxatzeko eta urteko gertakari txarrak sutan erretzeko asmoarekin, udarari ongi etorri eginez. Plaza Berrian gertu laga dituzte udal langileek bihar erreko dituzten zuhaitz adaxkak.

Udako solstizioaren errituala oinarri, bihar, ekainaren 23an sua piztuko da Plaza Berrian, 22:30ean piztu ere. Hura inguratuz, besteak beste, Sorgin Dantza dantzatuko dute, edabe magikoa partituko dute, haren indarraz eta konjuruaren laguntzaz izpiritu txarrak uxatzeko eta zela ez, barrenak eta kanpoak biziberritzeko aukera izango da, sutara botara eta suaren gainetik salto eginda. 

Udate gaueko hitzordua, baina, 21:00etan hasiko da, Sorgin-afariarekin. Plaza Berrian elkartu eta bakoitzak ekarritakoa denontzat! leloa oinarri, lagun arteko afaria egingo dute. 

Antzina-antzinako ohitura 

Erritu paganoa da udako solstizioan sua egitea, gerora katolizismoak bereganatu zuen ohitura, San Juan eguna eta San Juan bezpera modura izendatuta.

Horren adierazle, Auñamendi Eusko Entziklopediaren kontakizuna: 

“Kristau kultura tradizio paganoak onartuz ezartzea lortu zuen, sinkretismoa deritzoguna, eta egutegi solstizialarekin batera etorriz bere jai propioak sortu zituen: ekialdeko herriak abenduaren 25ero Eguzkiaren Jai Nagusia (neguko solstizioa) ospatzen baldin bazuten, data horietan Gabonak ezarri zituzten; udaroko solstizioan ospakizun eraberritzailerik handienak ospatzen baziren, bertan San Juan eguna ospatu zen. Baina ospakizun horrek gainera, gure ustez, egutegiko jairik garrantzitsuen, ikuspegi antropologikotik ikusita, bilakatzen duten xehetasun jakin batzuk ditu. Gaur arte urtearen aldi horri bat eginik gaur arte bizirik iraun duten tradizioen aberastasun eta zabaltasuna ikaragarria da.  

San Juan egunaren egunsentian hainbat iturritako, ubidetako eta erreketako urak une batzuez ahalmen bereziak zituztela uste zen (kristautasunarekin bedeinkatuta zeudela esanez) azaleko gaixotasunak osatu eta pertsonak, abereek edo eurekin xurgatutako ondasun materialak ere babesteko erabiliak izanez, eta ondorioz etxeetan ondasun preziatu bezala gordetzen ziren. Berdin balio zuen goiz hartan larreak bustitzen zituen garoak ere, eta beraz abereak larreetara ateratzen ziren eta urte guztian zehar babestuta geldi zitezen landetan pertsonak biluzik iraulka egiten zuten".