‘Justizia bortxatzailea!’ leloarekin, elkarretaratze zaratatsua deitu dute

Ubane Madera 2018ko eka. 22a, 14:34
Apirilaren 26an, epaia jakinarazi zuten egunean Plaza Berrian egin zuten elkarretaratzea.

2016ko sanferminetan neska bati eraso egiteagatik zigortutako bost gizonak aske utziko dituztela salatzeko eta azken hilketa matxista salatzeko elkarretaratze zaratatsua deitu dute gaur, barikua, Plaza Berrian,19:30ean, Justizia bortxatzailea! lelopean.

 «Beste emakume bat eraila izan da indarkeria matxistarengatik, Asparrenan (Araba). Gaurko kontzentrazioan gauza asko ditugu salatzeko. Nahikoa da!. Sistema patriarkala hiltzailea eta bortxatzailea!», salatu dute Korner Morea elkartetik.

Plaza Berrian iluntzean egingo den elkarretaratzera "zaratak ateratzeko gauzak" eramateko eskatu dute, protesta zaratatsua egiteko helburuarekin.

6.000 euro

Behin betiko epaia iritsi arte utziko dituzte aske talde bortxaketagatik zigortutako bost gizonak. 6.000 euroko bermea ordaindu beharko du bakoitzak. Eta badaezpadako neurri batzuek ezarri dizkiete; halaber, ezin direla Madrilera joan, tokian tokiko bizilekuko epaitegira joan beharko dutela astean hirutan: astelehenetan, eguaztenetan eta barikutan. Eta pasaportea kenduko diete. 

Horixe erabaki zuen atzo Nafarroako Auzitegiak, kartzeleratutako bost erasotzaileen espetxealdia berrikusterakoan. 

Hain justu, uztailaren 9an beteko dira bi urte behin-behinerako espetxeratu zituztenetik, bost gizonezkoen artean, emakume bati eraso egitearren. Hark bortxatu egin zutela salatu zuen, baina apirilaren 26an kaleratutako epaiak bost gizonok zigortu zituen ez erasoa egitearren, baizik eta abusua izan zela ebatzi zuten.