Esperientzia gela ekimenak interes handia piztu du adinekoen artean. Horren adibide da atzo, aurkezpenera hurreratu zen jende mordoxka; berrogei lagun inguru. Aipagarria da hurreratu ziren pertsonen artean gehien gehienak emakumezkoak izan zirela, gizonezkoak ere baziren arren.
Patricia Borinaga zinegotziak eta Juan Fernandez Alkarri Elkarteko ordezkariak azaldu zituzten ekimenaren nondik norakoak. Izan ere, ekimena Udaleko Gizarte Ongizate sailaren ekimenez abiatu da, Mesedeetako Amaren Egoitza, Eguneko Zentroa, Itxaropena eta Alkarri Elkartearekin batera. Azken honek, Alkarri Elkarteak, izango du ekimena koordinatzearen ardura.
Ekimenaren helburu nagusia da adineko pertsonei gune bat eskaintzea “parte hartzeko, integratzeko, askeago sentitzeko, beren iritzia emateko eta erabakiak hartzeko”. Horretarako, tailer, hitzaldi, zine-forum eta mahai-inguruak antolatuko dituzte, adinekoen interesekoak izan daitezkeen gaiekin. Saioak irailaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean egingo dira, hilean behingo maiztasunarekin, Itxaropena jubilatuen egoitzako hitzaldi aretoan,
2018-2019 ikasturteko egitaraua osatuta dago. Adin nagusiko pertsonak ahalduntzeko taldeak aukeratu ditu gaiak :
Iraila
Alzheimer zine-foruma.
Urria
Memoria tailerra “Lo tengo en la punta de la lengua” eta mahai ingurua “Nagusi”.
Azaroa
Emozioen tailerra “Construyendo un futuro en positivo”
Abendua
Zine-foruma Bakardadea
Urtarrila
Internet, mugikor eta sare sozialen tailerra
Otsaila
Internet, mugikor eta sare sozialen tailerra
Euskarax programa
Martxoa
Euskarax programa
Apirila
Pertsona nagusien III. Astea
Maiatza
Sukaldaritza, zaporea, historia II tailerra
Izen-ematea
Matrikula debaldekoa izango da eta uztailaren 1etik irailaren 20ra bitartean egin ahal izango da udaletxean edo jubilatuen egoitzan inskripzio orriak beteta. Informazio gehiago nahi izanez gero, Alkarri elkarteko Juan Fernandezi deitu dakioke: 622 72 55 57.